Asilo Legea berritu du Espainiako Gobernuak

CEARek eta AIk salatu dute Europako «mugak ixteko politika obsesiboen» ondorio direla lege berriak

Berria, , 26-06-2009

Erredakzioa.

Asilo Lege berria jarri dute indarrean Espainian, atzo, Kongresuak oniritzia eman ostean. PSOEk prestatu zuen legearen erreformak zenbait aldaketa izan ditu. PPrekin eta CIUrekin adostu du testua, eta talde horien babesarekin onartu da legea.

Kongresuko talde guztiak bat etorri dira zenbait puntutan: lege berriak bermeak eta prozedurak hobetzen dituela, isilpekotasuna bermatzen duela eta generoagatik, nortasunagatik edo sexu joerengatik jazarritako pertsonen asilo eskubidea onartzen duela.

Beste zenbait puntutan ez dira bat etorri, ordea, talde politikoak. ERCk eta IUk salatu dute Legeak ez diela asilo eskubiderik aitortzen EB Europako Batasuneko estatuetako biztanleei. EAJko Kongresuko bozeramaile Emilio Olabarriak esan du EBko 27 herrialdeetako araudiek ez dituztela denek herritarren eskubideak bermatzen. EBko herritarrek ere asilo eskaera egiteko eskubidea dutela defendatu dute.

CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordeak eta AI Amnesty Internationalek ere puntu hori kritikatu dute. Uste dute asilo eskubidea trabatzen duela, eta Europa «mugak ixteko politika obsesiboa» egiten ari dela. Mugan asiloa eskatzen duten pertsonen atxiloaldia luzatzearen aurka ere agertu dira.

Legeak, hala ere, talde horien zenbait eskaera jaso ditu. Besteak beste, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak asiloa eskatzeko prozeduran bertan egotea. Eskaerak ukatzen direnetan helegiteak jartzeko aukera ere izango du UNHCRk. Horrez gain, enbaxada eta kontsulatuetan asilo eskaera egin ahal izango da. Hasierako erreformak ez zituen aukera horiek onartzen. Espainiako Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabak eskerrak eman dizkie taldeei, eta zuzendutako testua «hasierakoa baino hobea» dela nabarmendu du.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)