Zeren beldurpeko Europa?

Berria, Bixente Serrano Izko Historialari eta idazlea, 14-06-2009

Bazuen erraten Uxue Apaolazak, aste honetako asteazkenean, derrigorrezkoa dirudiela europar hauteskundeez ezer erratea, «baina ez dakit zer geratzen den esateko». Neure burua ispilu batean bezala, holaxe ikusi nuen neure sentsazioa Uxueren ohikoak bezain zutabe ederrean: isla fidel eta deserosoa. Baina ezin diot tentazio bati uko egin, ezer gutxi berririk errateko bekatuan erorita ere: alegia, europar hauteskundeak izan direnez, zer Europa islatu duten hauteskunde hauek, gure bazter honetako behatokitik ere ikusita. Bai boto emaileen aldetik, bai abstentzio motaren aldetik, Europaren isla fidel bezain deserosoa ditugu hauteskunde hauek.

Izan ere, Mayor Oreja, Che Guevararena egiten; europar neoliberalak keynesianismora itzultzen (tira, neokeynesianismoa fundatzen, Estatuaren altxorra zuzen-zuzen krisiaren erantzuleen diru-zorroetan txertatzen, zerbitzu publikoetako inbertsioen itzulinguruetan galdu gabe); Sarkozy, Berlusconi, Camps eta enparauak Robin Hoodena egiten (hori bai, lapurreriak euren klientelismoan sariak eta zigorrak banatzeko erabiltzen); muturreko eskuina non-nahi ukabila altxatzen… Europa ederra gurea, horiek guzti horiek irabazle ateratzen direneko Europa gurea! Noiz, eta aspaldin ezagutu ez dugun krisi larri batean gaudenean; noiz, eta baita AEBtan ere Obamaren promesa aurrerakoiak hala barneko politika ekonomikoa nola euren ohiko kanpo militarismoa berbideratu nahi dituela lehen keinuak egin dituenean.

Bitartean, europarrok honela, gure bunkerra, gure gotorlekua sendotzen: Zibilizazioen arteko Itunaz hitz egiten, baina Spenglerren erara prestatzen berau, hau da, Mendebaldearen Gainbehera saihesteko amildegiko labarrak eusteko-hormez josi nahian: xenofobian gotortzen, ateak itxi guran gaurko barbaroei, gure xurgatzaileei diru-esperantza luzatzen europar harresietatik kanpoko paradisu espekulatiboen kontura amesten jarrai dezagun. Itxaropenez beterik, bai zera, eraikitzen ari garen Europa, moderniaostean birtziklaturiko Robin Hood eta Che Guevararen eskuetan utziz: botoa emanez ala etxeko egongelan goxo-goxo geldituz.

Beldurpeko herrialdeetan sailkatzen du Tzvetan Todorovek Mendebaldea deitzen diogun mundu parte hau. Bitxia sailkapen horrek sartu gaitueneko kutxatila! XV. mendetik hona etengabe bertze lurraldeak hustutzeari ekin dion parte hau eta ongi hustu ere: baita beldurrez ere hustutzeraino beldurpean bizitzera autokondenatu da, bertzeen erreakzioen beldurpean alegia. Eta horrela beldurraren espekulatzaileak loratu dira gure artean, eta negozio horietan hobekien trebatu direnei eman nahi dizkie, dirudienez, europar beldurti arruntek mendebaldeko zibilizazio harroaren uhalak. Nondik begiratu, arrazoi izanen ote du Todorovek bere sailkapenean, baina anitzez beldurgarriagotzat jo beharko genuke negoziant horien eskuetan uhalak uztea: izan ere, beldurpean bizi badira europar arrunt gehienak, ez da gure harresietatik kanpoko barbaroek egin diezaguketenarengatik, gure harresietatik barneko espekulatzaileek begien aurrean harrotu nahi dizkiguten mamuengatik baizik.

Nolanahi ere, badirudi baietz, beldurpean nahiago dugula bizi izan. Hala bedi, hala nahiez gero. Bertze askotan idatzi du lerro hauek izkiriatzen dituen honek beldurra gizakion funtsezko ezaugarri bat dugula, beldurrak egin gaituela gizartekide eta kulturadun, beldurra ez dela gainditu beharreko akatsik, baizik eta, garaian garaiko haren iturria zein den kontuan harturik, zeren beldur ibili behar dugun erne izan beharreko sena. Hortaz, arazorik ez, nire aldetik, beldurpeko Europari ongi etorria emateko. Kontua da zeren beldur egon beharko genukeen. Eta horretan ikusten dut hauteskunde hauen isla fidel bezain deserosoenetako bat: beldurraren iturriak nahasten ditugulako, hain zuzen.

Izan ere, mende luzeetan beldurrez ere hustu ditugun mamuen beldurpean bizi ordez beldurraren espekulatzaileen beldur bageunde, bertzelako Europa bat eraikitzeko gai izanen ginateke, non beldurrak gizakion sen zibilizatzailea garatzeko gai izaten jarraituko lukeen.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)