Adostasun bipolarra
Berria, , 14-06-2009Alderdi politikoen jokabideak herritarrei modu askean erabakitzeko aukera saihesten die. Ostera, demokrazia konstituzionalean herritarrak dira legealdia atzera begirakoan baloratuz gobernariak aukeratzen dituztenak. Paradoxa antzematea da Europan gertatzen ari dena ulertzeko modu emankorrena.
Politikarien estrategia berantiarra etsai bat identifikatzean datza. Europan bloke demokratikoak eskuin populista gaitzetsiz haizatu du sistema ofizialaren gorentasuna. Le Pen eta Haider faxismoaren aurkako kultura mendebaldarra egiaztatzeko, adostasun politikoa gaurkotzeko eta joko-eremua zedarritzeko argitzaileak izan dira; aldaera bereko adibideak dira Milosevic eta Hussein. Izan ere, arrisku eskuindarra neutralizatzeko zuribidearekin, borroka politikoaren nukleoa aldatu egiten da; hautagai batzuk kontra-eredu moduan proiektatuta, gatazka politikoa geroratu eta xederapena bloke demokratikoaren elkartasunera lekualdatzen da. Hegemonia liberalaren legitimazio ahaleginean, parekoa da oraindik orain Berlusconi eta horren aurkako lubaki mediatikoa jokatzen ari den funtzio estrukturala.
Deigarria begitantzen da bere hirugarren legealdiarekin Il Cavaliere jasotzen ari den kritika-erasoa; amaigabea da zerrenda: ikus-entzunezkoen jabetza pribatua eta komunikabide publikoen kontrol politikoa; justiziari irain neurrigabeak eta haren patologia eraldatze aldera erabaki partzialak; populismoa eta promesen diskurtso hutsala; sobornoak eta kudeaketa zekena, orobat, zigorgabetasun judiziala eta morala. «Horrek guztiak batera Europa demokratikoan zorionez atzean utzitako espezie politiko bat marrazten du». Oraintsu ere komunikabide europarrek jomugan ipini dituzte Italiako Legebiltzarra eta bereziki Berlusconi, egoera irregularrean leudekeen etorkinak kriminal izendatzeko «segurtasun publikoaren gaietan dispositibo berriak» lege-proposamen gisa bozkatu eta onartu dituztelako. Ariketa polita da horren aurka esandakoak aztertzea.
Europar koalizio sozialistak ez du legea onartu, eta aho batez kritikatu ditu Maroni (Barne ministroa), Fini (Legebiltzarreko presidentea) eta pontifize erromatarra. Alde batetik, asilo politikoaren erretorikari heldu dio, herrialde demokratikoen konstituzioetan eta nazioarteko legedietan halaxe jasoa dagoela gomutara ekarriz; sozialistek, bestalde, lotsagarria deritzote ume jaioberriari Haurren Eskubideen Adierazpen Unibertsalean aitortuak ukatzeari. Bigarrenik, herritartasun demokratikoaren balioetan oinarrituz beste kultura eta zibilizazioetara irekitzea proposatu du; aterabidea nonbait hezkuntzan legoke, bestetzuek segurtasun arrazistarekin etorkinak gaitzetsi eta herritarrengan xenofobia hedatzen duten bitartean.
Ekimen horiek berresten dute sozialistek ez dutela inolako alternatiba politikorik. Izan ere, asilo politikoaren eskubidea, herritargo irekia eta bizikidetza melodia gisa errepikatzeak soilik balio du popularrekin eremu demokratikoa hegemonizatu eta logika politikoa moderaziora estutzeko. Azken batean, etorkinei buruzko azterketek asilo politikoaren erretorika gezurtatzen digute; alegia, erregimen politiko ez-mendebaldarren izaera despotikoak, gerra zibil odoltsuek eta atzerapen-baldintzek eragindako migrazioa apala da, eta, ostera, mugimendu-fluxuek lotura estuagoa dute gure planetako desberdintasunekin. Sozialistek datu enpirikoak zokoratuta gobernatu nahi dute. Nazioarteko erakunde «arbitrario» eta «kontrolaezinen» neurri diskriminatzaileak dira bizitza-eskubidea eta horren kalaka itxurakeria globala bihurtzen dituztenak; haren kausak dira garapen bideko herrialdeetan, desertu afrikarretan eta Mediterraneoan hildakoak eragiten dituztenak, hala nola txirotasuna, gaixotasun epidemikoak, ur edangarriaren gabezia, krisi ekologikoa, naturaren haserrealdiak eta kanpo-zorra.
Sozialistek ez dute sekula hori borrokatzeko ekimen praktikorik aurkeztu, nehoiz ere dute aberatsen mundua eta txiroen mundua gainditzeko neurririk hartu, herrialde arabiar-islamiarrekin lankidetza ekonomikoa sustatzeko alternatiba politikoak lortzea bigarren mailako eranskin gisa ulertu izan dituzte. Apustu liberalaren luzapena da bidenabar Europan langile-klasea gainditutzat jotzea: eskulana asiar herrialdeetara lekualdatu eta kapitala iruzur fiskalekin babestuta, hiztegi politikotik langilea desagertu eta bere ordez etorkina jarri da, mehatxu abstraktu zein erreal gisa. Hori dela eta, handikiek orain aski dute etorkin irregularra ez kontratatzea; enpresaburu baten egitekoa orain ez da langileekin aurrez aurreko negoziazio kolektiboa, baizik eta delinkuentzia (irregularren kontratazioa) baztertu eta lan-indarra bere artean lehiatzera makurtzea. Orobat, aholkulari eta unibertsitate irakasleek etorkinak toleratzeko eskuliburu multikulturalak idatziko dituzte.
Ezkerrak borroka galduta, langile natiboei ulergarria begitantzen zaie eskuin berria, diskurtso nazionalista gogor batean erretorika anti-kapitalista biltzen duelako. Haider, Milosevic, Hussein eta Berlusconi dira logika posmodernoaren aitzindariak, berek lortu dute hitzarmen zital batean autoritatea eta legez kontrako pultsioak bateratzea, erregimen biolentoa eta gastu exentrikoak, herritarren apatia eta permisibitate hedonista, merkatu beltza eta zigorgabetasuna; hitz bitan: segurtasuna eta lizunkeria. Eskuin populista borroka politikoa ukatzearen ordaina da, erreprimiturikoaren itzulera, zentro berriaren identitate espekulatzailea; ez da alderdi tradizionalei behin-behineko zigor bat.
Sinesmen bipolarrak egonkortuta daude, politika berantiarren adostasun formala aukera-eza da, polo demokratikoek postura bakarraren politika iragartzen dute. Espektro uniformea izaki, politikariak aro berriaren matrakarekin desenkusatu ohi dira, anakronikotzat joz gizartea osotasun gisa ulertu eta irakurketa antagonikoekin emantzipazioa ahotan darabilen oro, hau da, politika oraindik bizirik dagoen kontzientzia. Askatasuna hegemonia kapitalista legitimatzera baldintzatua dago, aukera simetrikoak ez dira onartzen, aro pos-politikoan ekidinezina soilik berrets liteke.
(Puede haber caducado)