Pertsonaia SONIA SOTOMAYOR

JATORRI HISPANOKO EPAILEA

Berria, , 27-05-2009

Ameriketako Estatu Batuetako Auzitegi Gorenean ekainean hutsik geldituko den aulkia urrian nork beteko duen iragarri du Barack Obamak. Presidenteak atzo jakinarazi zuen izendapena, eta senatarien babesa jaso beharko du orain. Oso litekeena da argi berdea ematea; izan ere, demokratak dira nagusi Senatuan. Sonia Sotomayor (New York, 1954) jatorri hispanoko aurreneko epailea izango da Gorenean. Puerto Ricon jaio ziren haren gurasoak eta amaren aldeko hitzak izan zituen atzo, izendapena argitara emateko unean, presidentea eta ama bera ondoan zituela: «Ni ez naiz bera bezain ona». Sotomayorrek berak ere hitz politak entzun behar izan zituen; kasu honetan, presidentearen ahotan: «Emakume paregabea da, inspiratzailea, eta justizia ezarriko du; Justiziako maila guztietan aritu da lanean». Izendapena bere bizitzako ohore handiena dela erantzun zion Sotomayorrek.

Ibilbide luzea du zuzenbidean Sonia Sotomayorrek. Bronx auzoan jaio zen, behe mailako familia batean. Aita bederatzi urterekin galdu zuen, eta horregatik eskertu zion amari bi haurrak aurrera ateratzeko lanean gogor aritu izana. Umetik nabarmendu zen, eskolan hasieran eta unibertsitatean gero. Princeton eta Yale unibertsitateetan ikasi zuen bekei esker. 1991n ekin zion ibilbide judizialari, eta 1998. urtetik ari zen New Yorkeko Helegite Auzitegian.

Sotomayorrek David Souterren lekua beteko du Gorenean arrazoi pertsonalak argudiatu zituen Souterrek kargua uzteko. Gorenean bederatzi epaile daude, eta oreka ideologikoa bere hartan mantenduko da; izan ere, Souter ere liberala zen bost epaile kontserbadoreak dira eta beste lau liberalak. Sotomayor bananduta dago eta ez du seme-alabarik. Goreneko epaile kargua bizi guztirakoa da.

KRISTINA BERASAIN

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)