Leihatila
Nor da azkena?
Berria, , 27-05-2009Duela aste gutxi, kapitalista on baten eskuliburuko beste atal bat jarri zuten agerian Sestaoko Navaleko langile azpikontratatuen lanuzteek eta protestek. Ontziola horren pribatizazio prozesua 2006ko urtearen hondarrean amaitu zen, eta gaur egun ia 2.000 langilek lan egiten dute han. Enpresak dioenez, horiexek ditu «aktiborik onena eta garrantzitsuena», langile taldea «ilusioz diharduten gazte borrokalariek» osatzen baitute, neoliberalismoak hain usu darabilen erretorika erabilita. Horietatik, guztira 400ek bakarrik dituzte lan kontratu mugagabeak. Langile azpikontratatuak dira gainerakoak. Langile azpikontratatu horiek protestan aritu dira, langile atzerritarrak sorterrian kontratatzen dituztelako eta lan hitzarmenak ezarritako soldataren erdia baino gutxiago ordaintzen dietelako. Sindikatuetako ordezkariek adierazi dute protestetan ez dela «xenofobia zantzurik» izan eta langile guztientzat eskubide berberak galdegiten dituztela.
Gizartean, ordea, gero eta jende gehiagok uste du, arriskutsuki, lana urri denean nazioko bertako langileentzat beharko lukeela izan. Britainia Handiko langileak ere protestan aritu dira, oraindik orain, langile atzerritarrak kontratatzearen aurka. Eta, gizarteak ez ezik, Espainiako Gobernuak ere bere egin du tesi halakoa, eta izugarri murriztu ditu sorterrian sinaturiko lan kontratuak; eskuin muturrekoaren teoriarik xenofoboenetara lerratu da, Estatuan gehiengoa duten sindikatuen oniritzi eta guzti. Gogoan izan dezagun Atzerritarren Legeak murriztu egin duela kontratazio mota hori, pertsona atzerritarrek lan kontratu bat lortzeko duten ahalbide ia bakar gisa, eta horrek bere ondorioak eragin ditu haien administrazio egoera arautzerakoan. Frantziako Gobernuak, esaterako, lanik gabe geratu diren pertsona atzerritarrak kanporatzea proposatu du, kapitalismo ustiatzailearen printzipiorik garbienak basatiki aplikatuta, orain artean egindako lanek erakarritako gizarte onurez ere gabetzeraino haiek.
Harrigarria bada ere, oparoaldian, batik bat kapitalaren arlokoan, inork gutxik galdegin izan du berdintasuna langile atzerritarrei dagozkien lan baldintzetan. Hain zuzen ere, lan baldintza zeharo ahuletan aritu direlako lanik prekarioenak egiten, etekin ezin hobeak ekarri dizkiete enplegatzaileei, haien interesen aldeko legedi eta politika sare oso bat izan baitute betiere. Krisialdian, baina, langileak aurrez aurre jartzeko estrategia betierekora jo da, sistema honetako hondar apurrak bereganatzeko lehian. Europako komunitatekoak ez diren milioika langilek, bada, ezin izango dute paperik berritu, lanik ez dutelako. Eskulan merkea are gehiago merkatuko da, enpresariek beren irabazien kontua loditu eta loditu dihardutelarik, eta langileok oraindik ere ez bide dakigu argi zein arerio borrokatu behar dugun guztiok elkar harturik.
(Puede haber caducado)