Kultura aniztasuna, guztiontzat aberasgarri

Berria, Maria Jesus Aranburu Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara diputatua, 20-05-2009

Bihar, maiatzak 21, Kultura Aniztasunaren Nazioarteko eguna ospatzen dugu mundu zabalean. Ospakizun nahiko berria da neurri batean. Izan ere, Unescok, 2001eko azaroan, kultur aniztasunaren inguruan egindako deklarazio unibertsalaren harira dator egun hau.

Unescoren deklarazio horretan, kultura aniztasuna, gizon- emakume guztion ondaretzat azpimarratzen da, hurrengo belaunaldientzat babestu beharreko ondare modura. Kultur aniztasuna pertsonentzat, gizaki bizidunenentzat bioaniztasunak duen garrantziarekin parekatzen da.

Zorionez, dagoeneko inork ez du zalantzan jartzen gizakientzat bioaniztasunak duen balioa. Badirudi, ordea, guztiok zaindu eta sustatu beharreko kultura aniztasunari balio bera onartzea arazo dela beste hainbatentzat.

Guzti hori, kultura aniztasunak bizi dituen mehatxuak gutxi balira moduan. Izan ere, hainbat adituren arabera, David Crystalen aburuz esaterako, munduan diren hizkuntzen %90 desagertzeko arriskuan dira. Astero-astero, munduan dauden 6.000 hizkuntzetatik bi desagertzen dira. Gurean, euskararen desagerpena ziurtatzen zuten iragarpen ezezkor haiek gero eta gutxiago diren honetan, eta oraindik egiteko lan handia dugun arren, gipuzkoar askoren euskararekiko eguneroko ahalegina eta konpromisoa gure hizkuntzaren biziraupenaren oinarria da.

Gipuzkoan, gizateriaren kultur aniztasunaren inguruan ekarpen garrantzitsuak egiten ditugu. Horietako batzuek izaera propioa dute, euskarak edo bertsolaritzak esaterako. Beste ekarpen batzuek, berriz, Jazzaldiak, Musika Hamabostaldiak, Zinemaldiak edota Tolosako Abesbatzen Lehiaketak adibidez, nazioarteko artistekin kultura balore trukaketa emankorra gauzatzeko aukera ematen digute.

Gipuzkoar guztiak gure kultura aniztasuna islatzen duten nazioarte mailako gure sortzaileekin aberastu egin gara kulturalki: Eduardo Txillida, Jorge Oteiza, Bernardo Atxaga, Pio Baroja, Luis Martin-Santos, Xabier Lizardi, Mikel Laboa…

Azken urteotan, Latinamerikatik, Afrikatik edo Europa ekialdetik gipuzkoar berriak ekartzen dizkiguten migrazioak ari gara bizitzen.

Gipuzkoar berri horiek aberastu egiten gaituzte kulturalki, gure kultura aniztasuna indartu egiten dute, kultura trukaketa eta gure kulturaren nazioarteko islarako aukerak emanez.

Mundu digitalera gerturatuz, Internetek kultur aniztasunerako aukera kontaezinak eskaintzen dizkigu, baina baita hainbat arrisku ere. Batetik gutxiengoen kulturaren isla globalean lagun gaitzake. Bestetik, uniformetasuna eta kultura gainartzaileen nagusitasuna indartzeko joera ere badu.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2007-2011 Kudeaketa Planak kultura aniztasunarekiko bere konpromisoa sendotu egiten du, etorkizunerako berezko kultura, ireki eta dinamiko bat definitzerakoan. Etorkizunerako asmo, nahi hori gauzatzeko asmoz eta Aldundiak gainontzeko instituzio, enpresa edo elkarteekin aurrera daraman lidergo partekatuaren estrategia dela medio, Diputazioa hainbat proiektutan ari da lanean. Horietako batzuk hauek dira: Tabakalera, gure sorkuntza multimedia bultzatu eta zabaltzeko; Mintzola, ahozkotasunaren ikerketa eta hedapenerako; Ekainberri, labar-artea gizarteratzeko; Gordailua, gure ondare arkeologikoa gorde eta kontserbatzeko; edota, Gipuzkoa 2.0, teknologia berriak erabiliz, gure kultur eta hizkuntza edukiak digitalizatu, sustatu eta gizarteratzeko.

Era berean, 2016an Donostia Europako kultur hiriburu izan dadin elkarlanean ari da Gipuzkoako Foru Aldundia Donostiako Udalarekin. Donostiaren hautagaitza gure kultura aniztasuna sustatu eta profitatzearen aldeko apustu tinkoaz baliatuko da, hizkuntza aniztasunari eta kultura arteko elkarrizketari loturiko «hitzen hiria», edo «Atlantikoak elkartuta» bezalako zutabe tematikoen bidez.

Jarduera guzti horiek eta Gipuzkoako kultur eragileek bultzatutako beste batzuek gure kultura aniztasuna babestu eta zabaltzea lortu nahi dute, betiere aberasten gaituzten beste espresio eta errealitate batzuekin elkartrukean.

Hauxe da, dudarik gabe, guztiok poztu behar gaituen erronka.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)