Eddy L. Harris - Idazlea Beltza, amerikarra eta zoriontsua, eta ez bakarrik Obama AEBetako presidentea delako; azken lau urteetan Frantzian bizi da, eta nortasunaren korapiloez mintzatzera etorri da Baionara.

«Zorionaz sufritzen dut!»

Berria, , 20-05-2009

Nora Arbelbide.
Baiona

Maimorables jaialdiak gonbidatu du Eddy L.Harris idazlea Baionara. Lehen aldia du hemen. Ez daki zuzen non pausatuak dituen bere oinak, baina, hori bai, badaki zertaz mintzatu den: «Nortasunaz. Nire liburu guztien gai nagusia. Non da nire lekua munduan? Beltza ote naiz nire larruaren koloreagatik bakarrik? Ala ba ote du beste erranahirik? Amerikarra izateak nire pasaportearen kolorea baino erranahi zabalagoa ote du? Ororen buru, nor da Eddy Harris? Nor gara gu?». Galdera anitz, zabalak, betikoak. Erantzunak bidaietan gaindi idatzi kroniketan aurkitzen ditu idazleak.

Azken liburua, Paris en noir et black (Liana Levi), frantsesez idatzia du. Indianapolisen sortua, Pranzac-en (Charente) bizi da azken lau urteotan Harris. >Gustura dago han. Tokiko arnoa eta janaria preziatzen ditu partikularki. Baita besterik ere: «Frantzian jendeek ez naute beltz bat bezala ikusten, baizik eta amerikar. Hobe niretzat! Baina magrebtar edo afrikarrentzat ez da hain aise».

Oihartzun baikorragoa oraino, Barack Obama AEBetako presidentea denez geroztik. Modaz kontziente da Harris, baina berdin dio: «Nortasunaren gaia aipatu beharra da. Beti». Munduak gaurko egunean dituen aldaketen gakoetako bat baita, haren ustez: «Senegaldarrak Frantzian bizi dira. Frantziarrak AEBetan. Amerikarrak Txinan. Non da herri batean sortu eta beste batean bizi direnen lekua?». Orainari eta geroari begira erronka nagusietako bat deritzo Harrisek.

Horregatik garrantzitsua zaio gazteei hitz egitea: «Agen-eko kolegio batera gonbidatu naute. Magrebtar haurren aurka dabilen talde neonazi bat badago kolegioan. Arrazakeriaren tontakeriaz hitz egin diet». Baina gazte neonazi horiek ez zaizkio hurbildu mintzaldira. Jadanik konbentzituak zituen parean. Baina beti balio du: «Hor zirenak beren gogoetak indartzen lagundu ditut».

Nortasunetik sustraietara

Beltza izateak erran nahi ote du afrikar? Hori izan da Afrikan gaindi bidaiatzera Harris bultzatu duten gaietako bat. Duela hogei urte egon zen han eta, urtebeteko bidaiaren ostean, Native Stranger (Hardcover) liburua idatzi zuen. Kritikatua izan zen, Afrikan ez dela etxean sentitzen idatzi baitzuen. Politikoki ez zuzena: «Luzaz, zuriek ez dituzte amerikar gisa ikusi beltzak. Beltzek berek ere ez dute beren burua amerikartzat hartu. Beti afroamerikar izendatuak izan gara. Ikuspegia urratzen nuen liburuarekin». Nahitara. Alexander Haleyk 1976an idatzi arrakasta handiko Roots (Doubleday) liburuari erantzun bat egin nahi izan zion nonbait. Bere arbasoen Afrikako sorterria aurkitu du Haleyk eta lotura goraipatu.

Ez usaiako bideetatik joan, aurreiritziak hautsi, hara zein diren Harrisek gustukoen dituen joko eta bizimoldeak. «Aitak beti zioen: ez utzi besteak zu definitzen. Horretan nabil. Beltza naizelako bide berezi bati jarraiki beharko nioke?». Haren iduriko, ez luke horrela izaterik.

2005ean Jupiter et moi (Liana Levi) idatzi zuen, aita omendu eta estereotipoen hausteko. «Nire aita ez da bortitza izan, ez eta alkoholikoa ere. Ez du familia abandonatu. Ez du emaztea jo. Beltzen bizitza ez da beti miseria, nahiz eta telebista piztu eta hori baizik ez ikusi. Aitak memento larriak bizi izan ditu, baina guk ez. Zorionaz sufritzen dut! Behin ere ez baitut zorigaitza ezagutu nire bizitzan. Ez dut ez arrazakeriarik ez pobreziarik jasan. Harlemen bizitzea erabaki behar izan dut gauzen sentitzeko; bestela, nire bizitza bikaina da!», dio irriz karkailaka.

Alde baikorretik hartu nahi du bizitza: «Usu arrazakeria begietan da. Begiratzen duenaren begietan ala begiratua denaren baitan. Demagun jatetxe batera sartzen naizela eta mahairik ez dela libre erraten didala zerbitzariak. Baliteke ez mahairik izatea niretzat, beltza naizelako. Baina menturaz, sinpleki, ez dagoelako mahairik libre! Niretzat azken aukera da egia. Beti gelditzen banaiz beltza izateak dakarren zorigaitzean, erotuko naiz!».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)