Babesik eta baliabiderik ez dutenei laguntzeko tresna izan behar dute politika publikoek. Helburu horri buruz hausnartzen ari dira Bilbon, EAEko Arartekoaren hogeigarren urteurrenaren harira.
Ahulenak ez ahazteko eskea
Berria, , 20-05-2009Maite Asensio.
Bilbo
Emakume marokoar batek asilo politikoa eskatu nahi zion Espainiako Gobernuari, bere sexu joeran oinarrituta: lesbiana zen. Espainiara heltzeko behar zuen dirua biltze aldera, prostituzioan aritu behar izan zuen, eta haurdun geratu zen. Espainiara heldu zenean, Barne Ministerioak jakinarazi zion ez zuela asilorako eskubiderik, haurdun egoteak argi uzten zuelako ez zela lesbiana. Benetan gertatutako adibide hori erabili zuen atzo CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordeko presidente Javier de Lucasek ekonomia krisiaren ondoriozko eskubide murrizketak irudikatzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko Arartekoaren hogeigarren urteurrenaren harira Bilbon egiten ari diren Politika publikoen erronkak demokrazia aurreratu batean jardunaldietan adierazi zuenez, gizaki guztien oinarrizko beharrizanak bermatu behar dituzte politika publikoek.
«Demokrazia baten aurrerapen maila neurtzeko adierazle bat da ahulenei eskubide berdintasuna bermatzeko gaitasuna», gaineratu du De Lucasek. Haren ikuspegitik, etorkinak eta errefuxiatuak dira «ahulenen artean ahulenak»; krisiak, ordea, haien inguruko politika publikoak «birdefinitzen» ditu. «Kan merkatuan izan dezaketen erabilgarritasunaren araberako tratamendu juridikoa ematen zaie etorkinei, eta errefuxiatuei, gure eskuzabaltasunaren araberakoa», azaldu du. Baina krisiaren ondorioz, erabilgarritasunak eta eskuzabaltasunak behera egiten dute, «eta haien eskubideak merkantzia bihurtzen dira».
Hori ikusirik, De Lucasek dio krisi garaian etorkinen eta errefuxiatuen eskubideek «lehen mailakoak» izan beharko luketeela, baina bestelako diskurtsoa bultzatzen dela salatu du, «guk ezin dugulakoan mundua salbatu»; «Argudio txarrez hitz egiteko une aproposa da krisi garaia; hitz hori aipatu orduko, murrizketa politikez mintzatzen gara, edozer onartzeko prest gaude irizpide kritikorik gabe».
Alde horretatik, zuzenbideak duen eraginaz mintzatu da. De Lucasen hitzetan, gizartearen imajinarioa egituratzen laguntzen du zuzenbideak: «Bestea desberdina, onartezina delako irudia eratzen da zuzenbidearen bidez, eta, hala, lege bereziak sortzen dira bestearentzat». Horren adibide jarri ditu immigrazioaren Europako zuzentaraua, edo Italian onartzekotan diren segurtasun-arau multzoa delitu izaera emango diote legez kanpoko immigrazioari.
Espainiako Gobernuaren errefuxiatuekiko politikari dagokionez, datu zehatzak eman ditu: iaz 4.516 asilo eskaera jaso zituen Gobernuak (22.000 inguru Frantziakoak), eta 277 baino ez zituen onartu. «Zergatik heltzen dira Espainiara horren eskaera gutxi, jendetza iristen dela adierazten badigute?», galdetu du De Lucasek. Izan ere, asilo eskubidearen alorrean, «itxuraz murriztu ezin zena murriztu» dutela dio.
Dena den, zuzenbideak alde ona ere baduela nabarmendu du CEAReko presidenteak: «Ahulenen legea izan behar du zuzenbideak, babesik ez dutenak zaintzeko funtzioa gauzatu behar du».
Generoa eta zeharkakotasuna
Gereno ikuspegitik, politika publikoetan zeharkakotasuna txertatzea izan da azken hamar urteetan egindako urrats handiena, Maria Jesus Aranda Nafarroako ararteko ohiak azaldu duenez. Generoa politika orokorretan sartzeko bidean, asko dago egiteko, baina emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko beste molde bateko neurriak ere hartu behar dira, Arandaren iritziz.
Izan ere, zeharkakotasunaren bidez ez da konpontzen genero desberdintasunen oinarria, adibidez, gizonek esparru pribatuan izan behar duten rola. «Beraz, zeharkakotasuna ez da nahikoa. Bestelako kontratu sozial bat behar dugu, zeinetan gizonek eta emakumeek gizarte, familia eta lan arloko ardurak izango dituzten, eta ez duten jardungo elkarren arteko lehian».
(Puede haber caducado)