Mediterraneoan harrapatuta

Urtero milaka etorkin hartu behar dituzte Italiako Lampedusa uharteko eta Maltako atxilotze zentroetan, baina giza erakundeek ohartarazi dute zentro horietako egoera «oso txarra» dela.

Berria, , 15-05-2009

A. Elizegi.

Bizimodu hobea aurkitzeko itxaropenarekin milaka etorkin abiatzen dira urtero Europara. Duela ez asko Espainiatik sartzen ziren gehienak, hori baitzen bide errazena, baina Europako Batasunak kostaldea zaintzeko patruilak sortu zituenetik, gero eta gehiago dira Italiatik sartzen ahalegintzen direnak. Libiara iristea da lehen urratsa, eta handik, itsasoz, kontinentean sartzea bigarrena. Maiz, itsaso zakarraren edo bestelako arazoen ondorioz, ezinezkoa zaie penintsulara heltzea, eta Malta eta Lampedusan (Italia) hartu behar dute aterpe. Biak uharte txikiak dira, ordea, 25 kilometro koadro ditu Lampedusak, eta 316 Maltak, eta ez dute nahiko baliabide.

«Txalupa hartzen duten etorkin gehienek Italiara iritsi nahi dute. Malta txikiegia da. Ez dugu hemen geratu nahi», dio Abdi Jamak. 20 urte ditu eta Somaliakoa da, sei hilabete daramatza herrialdeko atxilotze zentro handienean, Marsan. Asko dira bera bezala kontinentera abiatu eta Maltan geratu behar izan dutenak. Batzuk bost eta sei urte daramatzate han. Izan ere, Dublingo Araudiaren arabera, etorkinak lehenengo hartzen dituen herrialdeak izango du haien ardura, nahiz eta gerora beste estatu batzuetara joan. Apirilaren bukaeran, ordea, Europako Legebiltzarreko Eskubide Zibilen Batzordeak proposatu zuen «gehiegizko immigrazioa» duten herrialdeen kasuan araudia aldatzea. Europako Legebiltzarrean datozen egunetan aztertuko dute proposamena.

Muturreko egoera

Iazko urte bukaeran iragarri zuen Silvio Berlusconiren gobernuak gaurtik aurrera kostaldea zaintzeko patruilak jarriko zituztela martxan. Horiek hala, azken hilabeteak baliatu dituzte etorkinek Europan sartzen ahalegintzeko. Ondorioz, lehendik egoera txarrean zeuden atxilotze zentroek okerrera egin dute. Lampedusan urtarrilean piztu ziren istiluak, mila lagunek zentrotik ihes egin eta egoera salatzeko manifestazioa egin zutelako. Herritarrek eurek diote «Mediterraneoko Alcatraz» bilakatu dela irla.

Zentroan 850 lagunentzako tokia dagoen arren, 1.800 daude. Lehen, zentroa betetakoan etorkinak penintsulara eramaten zituzten, baina legedia berriaren arabera, immigranteek Lampedusan geratu behar dute Italiak asiloa eman edo kanporatzeko agindu arte.

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak egoera «larria» dela ohartarazi du. Haren esanetan, zentroan ez dago denentzako tokirik, eta ondorioz, etorkin askok kanpadendetan edo plastikoz egindako aterpeetan egin behar dute lo.

Maltako egoera ez da askoz hobea. MSF Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak bertako atxilotze guneetan dauden etorkinak artatzeari uko egin dio, zentroetako egoera txarra dela eta. «Zentroetako egoera lazgarria da eta bertakoen ongizatea arriskuan dago», gaitzetsi du MSFko eledun Antonio Virgiliok. Erakundeak Europako Legebiltzarrera jo du egoera salatzera.

Gatazken ondorioak

Virgilioren esanetan, etorkinak «pilatuta» daude atxilotze zentroetan, eta ez dute nahikoa bainurik denentzako. «Zentro batean 55 lagunentzako komun bakarra zegoen. Etorkinek, maiz, edukiontzi hutsetan egin behar dituzte beren beharrak». Horretaz gain, immigranteei beharrezko osasun zerbitzuak ukatzea egotzi dio gobernuz kanpoko erakundeak Maltako Gobernuari. Erakundearen arabera, zentroen inguruan ez dago botikarik, eta gaitz infekziosoak dituzten etorkinak osasuntsu daudenekin sartzen dituzte. «Kasu batean, 14 urteko gazte bat bere buruaz beste egiten saiatu zen, atxilotze zentroan bost hilabete zeramatzanean».

Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundearen arabera, Maltara iristen diren paperik gabeko etorkinen %60 gatazkak eta giza eskubideen urraketak nagusi diren herrialdeetakoak dira. Somaliakoak, Sudangoak, Eritreakoak eta Nigeriakoak dira gehienak. «Matematika irakaslea nintzen. Nire hiru lankide hil eta eskola itxi egin zuten. Somaliatik ihes egin nuen gure etxea ez zelako segurua. Bestela geratu egingo ginen. Etxe ondoan mina bat lehertu zen eta haren zatiak oraindik gorputzean ditut», azaldu dio somaliar batek MSFri. Kontinentean asiloa eskatzeko asmoarekin heltzen dira gehienak.

Gobernuz kanpoko erakundearen Kriminalak ez txostenak Valletako gobernuaren haserrea eragin du. Simon Busuttil eurodiputatuak onartu du atxilotze zentroetako egoera ez dela ona, baina nabarmendu du MSF bera ere kontraesanean erori dela etorkinei laguntza ukatzean. «Maltako Gobernuak ez dauka nahikoa baliabide iristen diren etorkin guztiak artatzeko. Baina egoera txarra denean laguntza ukatzea okerreko erabakia da», adierazi du Busuttilek. Gobernua prest dago Italiak martxan jarriko dituen itsas patruiletan parte hartzeko, baina bide beretik, immigrazioaren kontrako neurriak gogortzeko eskatu dio Europako Batasunari.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)