Maratila
Guissé
Berria, , 15-05-2009Napoli 2009 IV 19. Kafesne baten hartzen ari naiz portutik hurbil, terraza batean. Hogeibat urteko etorkin gazte bat pasatzen zait ondoan lepoko, zaku, brazaletez eta emazte-boltsoz kargatua. Senegalekoa dela. Saint-Louisekoa. Woolofa dela haren lehen hizkuntza, frantsesa zazpi urtetan ikasi zuela eskolan. Guissé duela izena. Frantzia ezagutu nahiko lukeela. «Europaren ezagutzea Parise ezagutu gabe…!» Erran nahi balu bezala Parise ezagutu gabe Europan ibiltzea ezinezkoa dela. Hiru urte baduela Afrika utzi duela, Frantziara joan nahi zuela. Baina. «Sarkozyren erregimenaren periferian gelditu naiz. Hizkuntzak unibertsitatean ikasi nituen. Ez dut frontera pasatu nahi izan. Espainiaraino iritsi nintzen eta han gelditu, Costa Doradan, Salou inguruan… Toulouse ez da urrun». Zergatik «Toulouse» aipatu didan ez diot galdetu. Ghanan egina den larru beltzezko brazalete bat, dordoka itxuraz batez apaindua, erosten diot. «Espainiatik Italiara pasa nintzen. Ez dut paperik. Denbora uzten dut pasa dadila… Dena blokatua da orain. Il faut essayer de vivre là où on se sent bien (batek ongi sendi den lekuan bizitzera saiatu behar du. En attendant, le temps passe… Ça va changer. Han artean, denbora kurri doala dio, gauzak aldatuko direla. Badoa irriz. Ez dut nik sinisten gauzak aldatuko direla onera. Marie Cosnay-k 2008ko maiatzetik irailera segitu ditu Baionako auzitegian jujatuak ziren papergabeen auziak. Eta dio (Entre chagrin et néant, Audiences d’étrangers, 2009) hor dela ikusten, nola gizarte bat bilakatzen den «emeki-emeki»… d’escalade en escalade, raciste et dangereuse.
(Puede haber caducado)