Ahotsik ez dutenen bozgorailua

Gernika-Lumoko Bakearen Museoak Afrikatik iritsitako etorkinen bizipenekin erakusketa antolatu du

Berria, Ibai Maruri., 13-05-2009

Bilbo. Amesgaiztotik ihes egin eta amesten duten bizimodu batera bidean abiatu dira. Sorterria utzi, familia utzi, bizirik irauteko beharrezkoa duten dirutza ordaindu eta Europara etortzen saiatzen dira milaka afrikar. Batzuek lortzen dute helmugara iristea; besteak ahaleginean galtzen dira.

Ibilaldi arriskutsu horren inguruan, eta behin nahi zuten tokira heldu direnean, aurkitutakoaz galdetu diete Cepaim fundazioko kideek. Etorkinekin lan egiten dute; arreta integrala eskaintzen saiatzen dira. Jaso dituzten esperientziekin La ruta prometida (Hitzemandako ibilbidea) erakusketa antolatu dute. Datorren irailera bitarte Gernika-Lumoko Bakearen Museoan egongo da ikusgai.

«Giza eskubideak eta bakea oso lotuta daude. Gainera, hausnarketara gonbidatzen gaituen guztiak dauka lekua gurean». Horrela azaldu du Iratxe Momoito zuzendariak museoak erakusketa horri ateak zabaldu izana.

Hausnarketa horretarako bereziki garrantzitsuak dira etorkinen testigantzak. Haien bizipenak sentitu bezala azaldu dituzte. Binetore Mbenge, esate batera, 29 urteko emakumea da. Lanbidez ileapaintzailea eta zerbitzaria. Beste 78 gizonezkorekin batera iritsi zen penintsularen hegoaldera, pateran, 15 eguneko bidaia amaigabean. «Emakumezko bakarra nintzen. Bidaiaren tarterik handienean beldurra, hotza eta egarria izan genituen bidaide. Ni zeharo izututa nengoen. Familia, seme-alabak, gurasoak, nebak eta ahizpak sorterrian utzi nituen. Haiek laguntzeko Senegaletik irten beharra neukan, derrigorrean. Hemen dena da oso ezberdina, latza, gogorra. Inork ez du laguntzen».

Kontzientzia sortzaile

Rosalia Guntin Cepaim fundazioko zuzendariordeak laguntza falta horretan jarri du arreta. Izan ere, haren ustean, harrera egiten duen gizarteak ere integrazio prozesuan zer esan handia dauka. Ez bakarrik kanpotik datozenei hemengotzen lagundu. Guntinen arabera, etxekoak ere kanpotik datorkien kultura berrira egokitu behar dira.

Daniel Lavella fundazioaren sentsibilizazio saileko arduraduna da. Etorkinak toki askotatik datozela nabarmendu du. Gehienbat Hego Amerika eta Europa ekialdetik. Baina haiek Afrikatik datozen horiei eman nahi izan diete hitza. Pateretan etortzen dira, egoera oso txarretan, gehienetan bizitza arriskuan jarriz. Europara iritsitakoan galduta egoten dira, eta harrera etxeetan baino ez dute aurkitzen behar duten babesa. «Patera aurkitutakoan albiste dira, eta, gero, ahaztu egiten ditugu. Guk hitza eman nahi izan diegu, gehien sufritzen dutenetakoak direlako. Haien amets eta ilusioekin jolas egin nahi dugu. Guztiok nahi dugu bizimodu hobea. Horrek berdinak garela ohartarazi behar digu. Hala, errazago izango zaigu haiengana gerturatzea».

Gizarteak zer-nolako kontzientzia duen ere aztertu nahi izan dute. Besteak beste, horretarako aukera ematen die erakusketak. Izan ere, bisitariak etorkinen bizipenak irakurtzearekin bat, bere hausnarketak plazaratzeko aukera izango du hainbat hormatan.

Esperanza Garcia komisarioak gizarteak duen jarreraren adibide latza jarri du. «Paterak lehorreratzen direnean, asko joaten dira etorkinekin argazkiak ateratzera. Horrek min ematen die. Ikuskizun baten parte direla sentitzen dute». Errealitatearen gordintasuna, ostera, gutxik ezagutzen du.

Emakumeak orain arte gutxiengoa dira. Baina Garciaren esanetan gero eta gehiago. Njeye Kadhy 23 urteko emakumea da horren adibide. Ehun gizonezkorekin abiatu zen. Sei eguneko bidaian ez zuen ezer jan. «Gaua noiz iritsiko itxaroten nuen nire behar fisiologikoak egiteko. Hilekoarekin nengoen, eta horrek gehiago zailtzen zuen egoera».

Etorkinen esanak indartzeko Afrikako eta Europako errealitatea ezagutzen duten intelektual afrikarren gogoetak ere jaso dituzte. «Lanerako besoak badoaz, pentsatu behar dutenak ere bai, eta iparraldeko herrialdeetan ikasi dutenek ez dute itzuli nahi. Gazteen migrazio hori gertatzen den hein berean, mendebaldeak milaka europar bidaltzen dizkigu, kooperazioaren eskutik: medikuak, irakasleak edo ingeniariak. Globalizazioaren paradoxak!», salatu du, adibidez, Aminata Traore Maliko idazleak. Egoeraren larritasunaz jabetzea da bisitariari eskatzen zaion bakarra.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)