Atzerritarren lege proiektua atzera botatzeko eskatu dute ehun taldek

Krisia aitzakia harturik etorkinen eskubideak urratzen saiatu izana leporatu diote elkarteek Espainiako Gobernuari

Berria, Garikoitz Goikoetxea., 13-05-2009

Bilbo

  • Atzerritarren Legea aldatzeko proiektua

Krisi ekonomikoaren aitzakian, etorkinentzako lege berria egin eta haien eskubideak urratu nahi izatea leporatu diote ehun taldek baino gehiagok Espainiako Gobernuari. Lege proiektuaren aurka, Hemen ez dago inor soberan ekimena aurkeztu du Harresiak Apurtuz taldeak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako beste ehun elkarteren baino gehiagoren babesean.

Atzerritarren Legea aldatzeko aurreproiektua iazko abenduan aurkeztu zuen Espainiako Gobernuak, krisi ekonomikoa dela-eta hura egokitzea beharrezkoa dela argudiatuta. Gaur egun indarrean dagoenak baino baldintza gogorragoak ezartzen dizkie etorkinei Espainiako Gobernuaren egitasmoak. Espero dute aurki helduko dela proposamena Espainiako Kongresura, han eztabaidatzeko eta legea aldatzeko.

Egitasmo horrekin, etorkinen zaurgarritasuna handitzea leporatu dio Hemen ez dago inor soberan ekimenak Espainiako Gobernuari. «Etorkinak beren jatorrizko herrialdeetara bueltatu nahi ditu, garapenerako laguntzekin mozorrotuta; atxiloketa arbitrarioak gehitzen ditu; eta etorkinen kolektiboa erabili egiten du, interes ekonomikoen arabera», esan du Harresiak Apurtuz-eko kide Amaia Alonsok.

Taldeak dio «atzerapausoa» litzatekeela aurreproiektu hori onartzea. «Eskubideak urratzeaz gain, etorkinen integrazioa oztopatzen du». Besteak beste, lege proiektuak mugak ezartzen dizkie etorkinei gurasoak ekartzeko, eta atxikitze zentroetako gehienezko egonaldia luzatzen du.

Horren aurka egiteko eskatu diete ekimena babestu duten ehun taldeek agintariei. Tartean daude, besteak beste, EILAS eta ESK sindikatuak, Alderdi Komunista nahiz Ezker Batua alderdiko Immigrazio idazkaritza, Gazte Komunistak, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua, Bizkaiko Caritas eta Gurutze Gorria, gizarte eskubideen aldeko Elkartzen nahiz Berriotxoak taldeak, eta hainbat eta hainbat udalerritako etorkinen eskubideen aldeko elkarteak. Espainiako Gobernuari eskatu diote aurkeztutako proiektua atzera botatzeko. Gainerako erakundeei eta alderdi politikoei, berriz, egitasmoaren aurka azaltzera dei egin die ekimenak, eta eskatu die taldeak aurkeztutako aldarriak Eusko Legebiltzarrera eramateko. Horrekin batera, Hemen ez dago inor soberan ekimenak dei egin die erakundeei etorkinen atxikitze zentroak ixtera, etorkin adingabeen ardura hartzera, eta atzerritarrei laguntza ematen dietenei zigorrik ez jartzera.

Mobilizaziora deitu dute

Agintariei eta alderdi politikoei ez ezik, herritarrei ere eskatu die ekimenak Atzerritarren Legea aldatzeko proiektuaren aurka egiteko. Bi protesta ekintzetara deitu dute Bilbon. Bihar, 11:00etan, kontzentrazioa egingo dute Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritzaren aurrean, Moiua plazan; maletekin bilduko dira. Larunbatean, 13:00ean, Arriaga antzokiaren aurrean elkarretaratzea egingo dute, Aurreproiektuari ez! lelopean. Diskriminaziorik eza eta eskubide berdintasuna aldarrikatuko dituzte.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)