Zugastietan bizitzen jarri da ijito familia, bizilagunen protesten artean

Atea porlanez estalita, leihoak hautsita eta argia etenda zeuzkaten, eta iluntzera arte ezin izan ziren etxean sartu

Berria, Garikoitz Goikoetxea. , 12-05-2009

Bizilagunen protesten artean, jarri dira bizitzen ijito familia bateko gurasoak eta bost seme-alabak Zugastietako etxebizitza babestu batean, Trapagaranen, Bizkaian. Apirilaren hasieran ere sartu ziren, baina egun bat igaro ondoren utzi egin zuten etxea, «segurtasun eza» argudiatuta. Ertzaintzak zainduta sartu ziren atzo. Bizilagunek protestan jarraitzeko asmoa dute, familia «gatazkatsua» dela baitiote.

07:00etarako bizilagunak biltzen hasiak ziren Eusko Jaurlaritzak herrian dituen babestutako etxeen aurrean, eta laster azaldu ziren dozenatik gora ertzain. Eguerdian zen etortzekoa ijito familia. Etxera sartzen ziren bigarren aldia zen; apirilaren 1ean ere etorri ziren, eta protesta gogorrak izan ziren. Etxeko sarreran eseri ziren ehundik gora herritar, eta ertzainek arrastaka atera zituzten. Istiluetan Sestao Berri elkarteko gizarte langile bat zauritu zuten.

Egun hartako istilurik ez zen izan atzo. Eguerdi aldera iritsi zen ijito familia etxera, eta ehun bat bizilagunek egin zuten protesta, isilik. Elizako kanpai hotsekin abisatu zieten herritarrei bazetozela familiako kideak.

Ijito elkarteetako kideek lagunduta sartu ziren eskaratzera. Hura zabaltzen sortu ziren lehen arazoak; atea sokaz lotuta zegoen, eta aizto batekin hura etenda sartu ziren. Ibilbide motza egin zuten, eskaratzetik pisuko atarirainokoa. Atea zementuz eta ohol batez estalita aurkitu zuten, eta mezu bat idatzita: Pisuak doan guztiontzat. Lelo hori bera erabili izan dute bizilagunek egindako manifestazioetan.

Ertzaintzak beharrezko datuak hartu eta argazkiak egin ondoren, horma eraitsi zuten arratsaldean, eta barrura sartu ziren. Han ere baziren, ordea, sabotajeak. Etxeko leihoak eta pertsianak hautsita zeuden, eta argia etenda. Gasaren giltza ere manipulatuta aurkitu zuten. 20:00ak aurretik lortu zuten etxean behar bezala sartzea.

Ez dute zorrik Justiziarekin

Ijito familia etxebizitzan jarri bada ere, bizilagunek protestekin jarraitzeko asmoa dute. Goizean goiz hasita, etxearen inguruan eman zuten egun osoa, pankartak eskuan hartuta. Ertzaintzak une oro zaindu zuen ingurua.

Herritarrek diote familia «gatazkatsua» dela. «Denok ezagutzen dugun Zugastietaren amaiera ikusi dugu», adierazi du Iñaki Zamarripak bizilagunen izenean: «Bizkaiko txoko eder honetan jada ez da dena berdina izango, okerragoa baizik». Herrira «gatazka eta alarma soziala» ekarri izana leporatu diete Sestaoko Udalari, Eusko Jaurlaritzari eta Sestao Berri elkarteari Sestaoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak erdi bana osatzen dute.

Arrazakeriaren aurkako taldeek eta ijitoen elkartekoek bestelakorik badiote ere, herritarrek diote ez direla arrazakeriagatik ari protestan. Haien arabera, bi urte baino gehiago daramatza herrian bizitzen beste ijito familia batek, eta ez dute arazorik izan. Bi familiak ezkaratze berean biziko dira.

Bizilagunek diote delituak egin dituztela familiako kideek. Besterik dio familiaren abokatuak, Tato Merak, Espainiako Justizia Ministerioaren datuak aipatuta. Amak ez dauka aurrekaririk; aitak, berriz, bakarra, 2005ean lapurreta egiteagatik. Gaur egun, ez du auzirik Justiziarekin. Abokatuak dio familiak normal bizi nahi duela. «Etxebizitza hau egokitu zaie, ez dute aukeratu. Hona etorri eta ez dute ezer esan, ez dute liskarrik eragin bizilagunekin, ez dute egin adierazpenik».

Trapagarango Udala saiatu da eragozten familia etxe hartara joatea. Azken negoziazioetan beste etxe bat proposatu zuen, baina Eusko Jaurlaritzak ez zuen onartu. Atzo bizilagunen inguruan zen Trapagarango alkateordea. Adierazi du ez dela arrazakeria kontua, eta salatu du ez dela inor jarri harremanetan Udalarekin.

Kronologia

BI URTE ATZERA AURRERA

2007ko uztailaren 31. Sestaon (Bizkaia) zuen etxebizitza erre egin zitzaion familiari. Aldi baterako herriko ostatu bateko bi gela eman zizkieten, eta han egon dira orain arte.

2008ko urria. Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen Zugastietan dituen etxe babestuetan lekua egitea familiari. Bizilagunen protestak hasi ziren.

2009ko apirilaren 1a. Ijito familia etxebizitzara sartu zen. Bizilagunekin istiluak izan ziren. Gizarte langile bati eraso zioten.

2009ko apirilaren 2a. Etxean sartu eta hurrengo egunean joan egin zen familia, «segurtasun eza» argudiatuta.

2009ko maiatzaren 4a. Trapagarango Udalak erroldatu egin zituen familiako zazpi kideak, ordura arte zailtasunak jarri bazituen ere.

2009ko maiatzaren 11. Familia etxebizitzan bizitzen jarri da. Herritarrak protestan aritu dira. Etxean sabotajeak zituzten.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)