Etorkinak zentroetatik kanporatuta legea bete dela dio Aburtok

Aldundiak kaleratze espedienteak ireki zizkien 11 etorkini, dokumentazio faltsua zutela leporatuta

Berria, , 12-05-2009

Erredakzioa.
Bilbo

«Aldundiak ez die jazarri nahi izan etorkizun hobearen bila datozen lagunei, ezta haiek salatu nahi izan ere, baina ahalegina egingo dugu etorkin helduek adingabeen zentroetako baliabide eta babesaz ez baliatzeko». Bizkaiko Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatu Juan Maria Aburtok dokumentazio faltsua izateagatik 11 etorkini zabaldutako kaleratze espedienteak izan ditu mintzagai. «Zentroetan helduak haurrekin batera bizi izatea eragotzi nahi genuen», nabarmendu du Gizarte Gaietako Batzordean.

Aldundiko teknikariek seniderik gabeko adingabeen zentroetan artatutako hainbat etorkin 18 urtez gorakoak zirela ohartu eta haien egoeraren berri eman zien Adingabeen Fiskaltzari eta Espainiako Poliziako Atzerritarrentzako Brigadari. «Afrikatik etorritako hainbat lagun adin nagusiak zirela egiaztatu ondoren, kasua Fiskaltzaren esku utzi dugu. Aldundiak adingabeak babesteko betebeharra daukalako».

Sorterrira bidaltzeko aukera

Gaur egun 365 dira Aldundiaren zaintzapean dauden etorkin adingabeak. Aburtok berretsi du Aldundiak «adingabeen kalitateko arretaren aldeko apustu garbia» egin duela. Nolanahi ere, «jarrera desegokia» duten adingabeak senideengana itzultzearen alde azaldu da: «Adingabeak behar bezala hezteko girorik aproposena den arren, praktikan oso gutxitan bidaltzen ditugu beren sorterrira eta hala izan beharko luke, batez ere aukeraz baliatu nahi ez dutenen kasuan».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)