Etorkineei laguntzeko konpromisoa hartu zuten Irurako ikastolako ikasleek
Atzo udaletxean Eskolako Agenda 21 programan ateratako emaitzak aurkeztu zituzten
Diario Vasco,
,
09-05-2009
DV. «Gure hizkuntza eta ohiturak ikasten lagunduko diegu gure ikastetxera etortzen diren etorkinei. Beraien lagunak izango gara, inor ez dugu baztertuko eta gure herrian integratzen lagunduko diegu». Konpromiso horiek hartu dituzten Irurako herri ikastolako ikasleek Tolosaldeko Eskolako Agenda 21 programaren inguruan. Atzo, udalatxera egindako bisitan aurkeztu zituzten. Han, Marimi Ugalde alkatea zuten zain.
Aukera aprobetxatuz, ikasturtean zehar ikastolan landutako ‘Ekitate gabezia’ gaiaren inguruan ateratako proposamenak ere luzatu zizkioten alkateari. Ikasleek lanaren ondorioak kontuan izanik, Ugalderi proposatu zioten «gu baino baldintza gogorragoetan bizi diren herrialdeei laguntzeko kanpainak bultzatzea. Gizon emakumeen arteko berdintasun bultzatzeko, emakumezkoei lan mundurako sarrera bultzatzea eta etorkinei euskara ikasteko aukerak ematea. Gaur egun egiten duen eskaintzak arrakastarik ez duenez, kanpaina beste modu batera egitea». Laguntza eskaintzea ezinbestekoa dela uste dute Irurako ikasleek izan ere, eta beraiek ateratako ondorioen arabera, etorkinek «gure ohituetara eta bizimodura egokitu beharra dute. Gu baino zailtasun gehiago dituzte lana aurkitzeko garaian eta familia eta lagunak urrun dituzten arren, aldaketa hoberako izan esan digute gehienek».
Lan sakona
Irurako ikastolako 166 ikasle izan dira proiektu honetan parte hartu dutenak. Ikasturte honetako lehen hiruhilabetean, janari, arropa, materialetan… munduan dagoen ekitate falta aztertu dute. Horretarako besteak beste, Pirritx eta Porrotx Kintxoren DVDa, Kidane altxor baten jabea da, Ale eta mundu majikoa eta oka jokoa landu dituzte. Bigarrenean berriz, gizon – emakumeen arteko desberdintasuna landu zuten. Horretarako, Nire lehen txangoa ipuina eta berditasunaren oka jolasarekin.
Hirugarren hiruhilabetean berriz, besteak beste, haur desberdinen ohiturak aztertu zituzten, aisia denbora librean dirua hain ezinbestekoa ez dela ikusi zuten, migrazioa animalietan, gizakietan eta gure gizartean oso ohikoak direla ikusi zuten eta bidezko merkataritza ezagutu zuten.
(Puede haber caducado)