Nomadentzako gunearen aurkako protesta Baionara eraman dute
Herritarren nahien aurka, prefetak aginduta gunea prestatu behar du Baiona-Angelu-Miarritze hiri elkarteak
Berria, , 05-05-2009Aitor Renteria.
Baiona
Ehun pertsona inguru bildu ziren atzo Baionako Suprefeturaren aitzinean. Baiona-Angelu-Miarritze hiri elkarteak ijito edo jende ibiltarientzako gune bat prestatu behar du. Horrela agintzen du legeak, eta hori betetzeko eskatu zien prefetak. Angelu eta bereziki Arrangoitzeko herritarrek inposaketa gisa hartu dute prefetaren agindua, eta xedea bertan behera uzteko eskatu diote.
Izan ere, hiri elkarteak ibiltariak aterpetzeko gunea prestatuko zuela iragarri zuen. Ondoren, herritarren presioen eraginez, gibelera egin zuen. Alta, legeak agintzen duena ekarri zuen gogora prefetak. Hiri elkarteari informazioa eskatu zion, eta horrek hiru aukera aurkeztu zizkion. Azkenean, Sutar eremuan dagoen gunea hautatu zuen prefetak, eta lanak abiatzeko agindu dio hiri elkarteari.
Erabakia aurrera eramatea posible den aztertzeko asmoz, atzo arratsaldean bildu behar zuen hiri elkarteak. Alta, arratsaldeko laurak aldean, bilkura bertan behera uzten zuela jakinarazi zuen elkarteak.
Mobilizaziora jotzeko deia
Xedea Angeluko lurretan kokatzen bada ere, Arrangoitzeko herritarren haserrea piztu du nagusiki. Beheko Karrikan dago gunea, Angelun. Alta, errepidearen bertze aldea Arrangoitzeko lurrak dira. Xedeak zuzenean kaltetzen dituela diote herritarrek. Karine Azpeitia da Arrangoitzeko Ainara elkarteko presidentea. Elkarte horrek akuilatzen du gunearen aurkako protesta. Elkarte horretako kideen erranetan, gunea ez da egokia hainbat jende hartzeko, segurtasun arazoak sortuko ditu, eta, dagoeneko, etxeen salmenta kontratu batzuk hautsi dira, erosleek ez dutelako inguruan nahi horrelako xederik.
Atzokoan informazioa banatzea eta gaitzespena suprefeturara eramatea zen helburua. Xedea bertan behera uzten ez badute, mobilizazioak gogortuko direla iragarri dute.
Igandean 150 pertsona bildu ziren Angeluko herriko etxearen aitzinean xedea gaitzesteko, eta bukaeran liskarrak egon ziren. Baionako auzapez Jean Grenetek azaldu zien ez zuela ahalmenik prefetaren aginduaren aurka jotzeko. Jean Ezpilondo Angeluko auzapeza ez zen elkarretaratzera joan, eta manifestariek probokaziotzat hartu dute hori.
(Puede haber caducado)