Etxanizek etorkin adingabeei buruzko legeak aldatzeko eskatu du
Gizarteratzeko aukerak agortu dituzten adingabeak euren familiengana itzultzeko aukeraren alde egin du
Berria, , 30-04-2009Erredakzioa.
Donostia
«Heziketarako eta gizarteratzeko eskaini zaizkien aukera guztiak agortu dituzten» etorkin adingabeak beren senideengana itzultzearen alde agertu da Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Gaietarako diputatu Maite Etxaniz. Legea aldatu eta kupoak ezartzearen beharra ere nabarmendu du. «Bide horretan ezinbestekoa izango da erakundeen arteko elkarlana», adierazi zuen, atzo, Etxanizek.
Foru Aldundiak deituta, etorkin adingabeen gaia aztertzeko erakunde arteko bilera egin zuten atzo Donostian.Gaur egun 180 dira Aldundiaren zaintzapean dauden etorkin adingabeak. «Horien %10ek baino ez dituzte jarrera desegokiak», azaldu du Etxanizek. «Horiek artatu eta besteak babesteko» Debako harrera zentroan programa berezi bat jarri zuen martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak. Egun 13 adingabe daude han. «Pixkanaka zituzten jarrerak desegokiak zirela aitortzen hasi dira».
Hala, aurrerapausoak eman direla uste du Etxanizek, baina oraindik «asko» dagoela egiteko. Adingabe horiek beren sorterrira bidaltzeko aukera izan eta kuotak ezartzeaz gain, Etxanizek ezinbestekotzat jotzen du gazte horiek egin ditzaketen delituak baloratzeko eta haiei aurre egiteko moduari buruzko legeak aldatzea. «Egungo errealitatera egokitu behar dira», azpimarratu du.
(Puede haber caducado)