Hizpideak

Zintzoen matxinada

Berria, Koldo Aldabe , 29-04-2009

Gipuzkoako erakundeek esan dute; Foru Aldundiak, Eudelek eta hamasei udalerritako alkateek. Amore eman dute, porrota onartu dute. Baina programak aldatu, egokitu, okerrak zuzendu… beharrean, ihesa hautatu dute, arazoa gainetik kentzea.

Arazo bezala aurkeztu eta jorratzen baitute, guraso edo tutorerik gabe iritsitako adin txikiko etorkina. Are, nerabea «liskar sortzaile», «problematiko» eta «delinkuente» baldin bada. Deserriratua, deserrotua… gizarteratzeko eta hezteko aukera guztiak «agortzen» dituzten babes gabeko etorkin adingabeak beren jatorrizko herrialdeetara bidaltzeko aukera izatea eskatu dute agintari gipuzkoarrek; gazte horiek egin ditzaketen delituak baloratzeko eta haiei aurre egiteko moduari buruz, lege aldaketak eskatu dituzte.

Gizarte alarma pizten aritu dira zenbait, harrabots handiz. Zerria! Alferra! Lapurra!, Preverten hitz haien antzera: Umearen ehiza da/ zintzoen matxinada.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)