Adingabeko etorkinak jatorrizko herrialdera bidaltzea adostu dute

Gipuzkoako Diputazioa, Eudel eta 16 udaletako ordezkariak bildu dira, babes gabeko etorkin adingabeez hitz egiteko

Berria, , 28-04-2009

Erredakzioa.
Donostia

Gizarteratzeko eta hezteko aukera guztiak «agortzen» dituzten babes gabeko etorkin adingabeak beren jatorrizko herrialdeetara bidaltzeko aukera izatea eskatu dute hainbat instituziok. Gipuzkoan adingabe horientzako harrera etxeak dituzten 16 herrietako ordezkariak, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eudel bildu ziren, atzo, eta eskaera hori egin zuten, besteak beste.

Gazte horiek egin ditzaketen delituak baloratzeko eta haiei aurre egiteko moduari buruz, lege aldaketak eskatu dituzte instituzio horiek. Horrez gain, herrialde bakoitzak zenbat etorkin adingabe har ditzakeen zehazteko galdegin dute, eta baita gazteak herrialde batetik bestera «libreki mugitzeko» duten aukera mugatzeko ere.

Eskaera horiek egiteaz aparte, elkarrekin jarduera plan bat abiatzeko asmoa agertu dute atzo bildu ziren instituzioek. Besteak beste, adostu dute lan talde bereziak sortzea, harrera etxeen ingurukoak izan daitezkeen gizarte mugimenduekin eta udalerrietako eragileekin. Udalen artean koordinazio bilerak egiten hastea ere adostu dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)