«Gizaki alienatua naiz»

Haile Gerima zinemagile etiopiarrak 'Teza' aurkeztuko du gaur Donostian, Giza Eskubideen Zinemaldiaren barruan Mendebaldeko modernizazioa Afrikan gauzatzeko oztopoak salatu ditu egileak

Berria, Xabier Martin. Donostia , 28-04-2009

Haile Gerima (Etiopia, 1946) egile deserrotua da. «Washington ez zait inporta [han bizi da]. Dirua lortzeko nago han, nire filmak egin ahal izateko. Baina jaioterrian egon nahi nuke, hango eguzki izpien azpian». Gazterik mendebaldeko ametsaren bila joan zen AEBetara; UCLAko unibertsitatean ikasi zuen, baina han ez zuen bere lekua topatu, ezagutza bai, ordea. Zinemagile gisa trebatu zen. Zinemagintza bitarteko gisa ulertzen du Gerimak, Etiopiaren eta, oro har, Afrikaren alde aritzeko. «Zinema ariman sartzeko gai da», dio. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian gaur aurkeztuko duen Teza filmeko protagonistaren ezintasuna bere ezintasuna ere bada: mendebaldean ikasitakoa, «modernizazioak emandako ezagutza», alegia, ezin duela jaioterrian gauzatu. Militarrek hartutako gizartean alferrik galtzen da ezagutza. Hori da Gerimaren kezka handiena.

«Nire obsesio pertsonalak islatzeko egin dut Teza; aurretik egindako filmak ere halaxe izan dira», dio Gerimak. Aurretik iraultza txiki bat eragin zuen Sankofa (1993) filmarekin. Esklabotzaren inguruko lanak ez zuen banatzailerik aurkitu hasieran, baina gero, filmarekin bira txiki bat egitea lortu zuen, eta orduan milaka ikusle joan ziren ikustera. Teza-n, berriz, zinemagilearen belaunaldiari jazotako kontraesana salatu du. «Gure jaioterrira itzuli nahi dugu mendebaldean ikasitakoarekin hura altxatzera, baina ezinezkoa da. Militarrek, sistema faxistek eta ustelek zeregin hori eragozten dute». Zinema independente beltzaren ordezkari nagusienetakoaren hamargarren filma da Teza. Veneziako Mostran Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuen iaz eta Fespacon urrezko garainoa; Toronton ere lehiatu da aurten. Gaur 19:30ean emango dute Viktoria Eugenia antzokian.

Exodoa, ezagutzaren bila

Teza-ko protagonista Anberber Etiopiara itzuli da Alemanian medikuntza ikasi ondoren. Haile Mariam Mengisturen errepresiopean bizi da herrialdea, eta Anberberrek lekuz kanpo ikusiko du bere burua han. Haurtzaroan ikasitako balioak ere galtzen ari direla ohartuko da. Bere ezagutza gauzatzeko ezintasuna bistakoa da, militarrek euren zerbitzura erabiltzen baitituzte zientzialariak. Gero eta kontraesan handiagoa sumatuko du: mendebaldea utzi du jaioterriko landa eremuko lasaitasunera itzultzeko, sustraien bila, baina han ere ez du sosegua aurkituko militarren indarkeriarengatik. Ordu arte lasaitzen zuten gaztaroko oroitzapenak ere galtzen hasi dira gainera.

«Gizaki akitua naiz, alienatua ez dudalako Afrikako eguzkirik ikusten, ez dudalako hango berorik; nire filmak egin ahal izateko eskean ibili beharrak nekatu egiten nau», dio serio Gerimak. Anberber pertsonaiak bere sentipenak islatzen ditu, «nahiz eta ez den istorio autobiografikoa». Belaunaldi afrikar oso baten arazoaz ari da Gerima. «Orain exodoa diruaren bila joan da, baina gu ez ginen diruaren bila joan, ezagutzaren bila baizik. Prestakuntza eta modernitatea itzuli nahi genizkion jaioterriari, ez dirua». Apenas lortu duten. «Talentua aspalditik joaten ari da Afrikatik. Intelektualen adimenak herrialdeak eraldatu beharko lituzke, baina hori ez da gauzatzen. Agintari faxistek eta mendebaldeko interesek eragotzi egiten dute».

Kontua da gaztaroan utzitako Afrika ia ezezagun ikusten duen arren, mendebaldea ere ez dela Gerimaren lekua. «Itzultzen direnek euren haurtzarora itzuli nahi dute, baina hura jadanik ez dago. Nire belaunaldiko intelektual asko ezagutzen ditut Afrikatik kanpo, eta haiei ere gauza bera gertatzen zaie: bizimodua ateratzen duten herrialdeetan bizi dira, ez euren benetako lekuetan. Izan ere, inork ez du atsegin bere larruaren kolorearengatik iraintzea. Atzerritar gisa sentiarazi naute beti, eta horrek izugarrizko karga psikologikoa dauka».

Bestalde, «mendebaldeko isileko indarkeria» salatu du Gerimak. Laguntza humanitarioari «ongi» irizten dio, «baina ematen du sistema horri betirako eutsi nahi diotela, afrikarrak lagundu beharreko parasitoak balira bezala munduratzeko».

Finean, ezintasunaren kronika da Teza. Sistema ustel baten salaketa ere bai. «Tezak egunsentiko ihintza esan nahi du. Afrikara itzultzen direnek ihintza hori zapaldu nahi dute berriro. Lurra sentitu nahi dute azalean, sentipen hori burmuinean geratzen delako betirako, baina ezin dute».

‘A las puertas de París’, Parisen atezain gisa aritutako milaka espainiarren istorioa

Joxean Fernandezek eta Marta Hornok atzo Donostian kontatu zutenez, 60ko hamarraldian 600.000 espainiar inguru zeuden Parisen lanean. Etorkin horietako ia erdia emakumeak ziren, eta horietako askok atezain gisa aurkitu zuten enplegua. Emakumeon istorioa islatzen du Fernandez-Horno bikotearen A las puertas de París dokumentalak. Gaur 23:00etan emango dute filma Viktoria Eugenia antzokian. Atezain horien testigantza jasotzen du dokumentalak etorkinen baldintzen inguruko hausnarketa moduan. Orduko etorkinen istorioa baliatzen du lanak, gaur egungo etorkinen inguruan hausnartzeko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)