NBEren konferentzian baztertu egin dituztela salatu dute palestinarrek

Al Hak eta Badil taldeek ezin izan dute parte hartu NBEren Arrazakeriari Buruzko Konferentzian

Berria, , 23-04-2009

Erredakzioa.

«Ezin izan genuen parte hartu Konferentziarekin batera antolatutako ekintzetan», salatu zuen atzo Al Hak erakundeko kide Uisam Ahmadek. Palestinako Errefuxiatuen Eskubideentzako Zentroarekin (Badil) batera NBEk antolatutako Arrazakeriari Buruzko Konferentziatik kanpo geratu zen Al Hak ere.

Badilgo arduradun Ingrid Gasnerren eta Ahmaden esanetan, talde palestinarrek ezin izan zuten parte hartu gobernuz kanpoko erakundeen eztabaidetan. Gasnerrek azaldu duenez, NBEk argudiatu zuen eztabaidetan ezin zela herrialde jakinen arazoen inguruan hitz egin. Haren arabera, ordea, Israelgo taldeek bilera berezia egin zuten Genevan, gatazkaren inguruko beren ikuspuntuak defendatzeko. «Palestinarrak terrorista gisa aurkezten zituzten irudiak banatu zituzten bileran. Haietako batean haur bat ikus zitekeen kamikaze gisa jantzita eta lehergailuz egindako gerriko batekin. Hori nola gertatu zen ikertzeko eskatzen dugu», adierazi du errefuxiatuen erakundeko arduradunak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)