Manifestaziora deitu dute Atzerritarren Legeak eskubideak urratzen dituela salatzeko

Legea berritzekotan da Espainiako Kongresua, eta etorkinen elkarteek eta sindikatuek dei egin dute elkarretaratzerako

Berria, , 23-04-2009

Garikoitz Goikoetxea.
Bilbo

Badira bederatzi urte Espainiako Kongresuak Atzerritarren Legea onartu zuela. Harrezkero aldaketak izan ditu, eta oraindik ere horretan ari dira alderdi politikoak. Espainiako Gobernuak iragan abenduan aurkeztu zuen legea aldatzeko proposamena, eta datozen asteetan iritsiko da Kongresura.

Indarrean dagoen legearekin eta Espainiako Gobernuak egin nahi dizkion aldaketekin ezkor dira etorkinen elkarteak eta sindikatuak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elkarteek eta ELAk bat egin dute Atzerritarren Legearen aurka. Haien esanetan, legeak interes ekonomikoen arabera erabiltzen ditu etorkinak. «Lan kontratu bat pertsonaren gainetik jartzen du». Gainera, diote atzerritarrei ez diela aukerarik ematen egoera erregularizatzeko. «Hartara, betikotu egiten du lanean eta gizartean duten prekarietatea, eta ikusezin egiten ditu».

Aldaketa, bide berekoa

Espainiako Gobernuak proposatutako aldaketak lehengo lepotik duela burua diote sindikatuek, eta zenbait gaitan okerragoa dela. «Atzera egiten du lehen mailako eskubideen arloan, eta bazterkeria areagotzen du».

Atzerritarren Legea ahalik eta azkarren atzera bota dezaten eskatzeko, manifestaziora deitu dituzte elkarte horiek etorkinak eta gizartea, oro har. Larunbaterako jarri dute hitzordua, 18:00etan, Bilboko Moiua plazan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)