Artista espresionistaren ibilbidea errepasatzen duen 'Bizitzaz' erakusketa dago maiatzaren 3ra arte, Donostiako Elizbarrutiko Museoan, Familia Sainduaren elizan.

«Artearen lehen probokazioa emozioa sorraraztea da»

Berria, Uxua Larretxea., 10-04-2009

2009-04-10

Xabier Egaña.
Artista

Artista espresionistaren ibilbidea errepasatzen duen ‘Bizitzaz’ erakusketa dago maiatzaren 3ra arte, Donostiako Elizbarrutiko Museoan, Familia Sainduaren elizan.

«Artearen lehen probokazioa emozioa sorraraztea da»

Xabier Egaña (Getxo, Bizkaia, 1943) artista espresionistak ibilbide artistiko oparoa du. Arantzazuko basilikako pinturak, Zarauzko San Pelaio parrokiako absidea eta Xalbatore Mitxelenaren oroigarri horma, Arrigorriagako (Bizkaia) kiroldegiko kanpoko hormak… egin ditu. Hainbat erakusketa ere jarri ditu, bai bakarka, bai beste artista batzuekin elkarlanean; esaterako, Alemaniako emakumeentzako kartzela batean erakusketa jarri zuen.

Maiatzaren 3ra arte, Donostiako Elizbarrutiko Museoan, Familia Sainduaren elizan, Bizitzaz erakusketa ikusteko parada dago.

Zure erakusketan immigrazioa, Bosniako gerra, Ruandako genozidioa, emakumeen genitalen ebaketa, kartzela… landu dituzu. Gizakiaren ikuspegi ezkorra duzu?

Egia esan, Melillako harresien inguruko artelana da erakusketa honetako obra kritiko eta gogor bakarra. Halere, gizakiaren eta bizitzaren alderdi gogorrak behin eta berriz agertzen dira nire lanean: heriotza, samina, injustizia eta abar. Izan ere, gizakiaren drama ziklikoa dela uste dut, behin eta berriz gertatzen dela.Gai horiek beti egon dira present nire ibilbide artistikoan. Landu izan ditudan Jesu Kristo desberdinak ere agertzen dira horma batean; esaterako, Ruandarentzat Kristo bat. Era berean, metala, egurra eta marrazkia uztartu ditut, eta erliebea txertatu dut erakusketan. BotticellirenVenusen jaiotza ere ikus daiteke.

Alemaniako emakumeentzako kartzela baterako egin zenituen artelan batzuk jarri dituzu Donostiako erakusketan. Obra horiek egiteko non aurkitu zenuen akuilua?

Bakardadean, kartzelan dagoena nolabait zokoratuta eta gutxi baloratuta dagoelako. Nire marrazkiak terapia moduan erabili zituzten, topaleku, elkarrizketa moduan. Plastika aldetik, nire lanak berriz interpretatu zituzten. Eurek egindako obrak nire artelanei gehitzea erabaki nuen.

Picassok zuregan garrantzi handia izan du, ezta?

Bai. 1961ean hasi nintzen margotzen, eta garai horretan Javier Alvarez de Enlatek Picassoren liburuak utzi zizkidan. Niretzat aurkikuntza handia izan zen. Bereziki margotzeko askatasuna jaso nuen beregandik: figuraren trataeran, espazioan, gorputzan… Desegin berriz ere egiteko.

Artea barruan dauzkazun kezkak kanporatzeko baliabide moduan erabiltzen duzu, ezta?

Artea hori ez bada, zer da erakusleiho bat soilik, dekorazioa? Sentimenduak agertzeko hizkuntza moduan erabiltzen dut artea; horrenbestez, arte kontzeptuala oso urruneko sentitzen dut. Artelan batek azalpena behar badu, filosofia, literatura edo poesia da, ez artelana. Artelan batek bere kasa izan behar du zentzua; hau da bere kabuz iradoki behar du. Izenburuak, berriz, obra kokatzen lagundu behar du, ez besterik. Emozionatzen ez duen arteak ez dut uste pisu handirik duenik; artearen lehen probokazioa, emozioa sorraraztea da, hau edozein motatakoa izanda ere arbuioa edo onarpena.

Gizaki existentziala, gurutzea eta emakumea behin eta berriz agertzen dira zure obretan. Zer dago bakoitzaren atzealdean?

Ni fraide nintzenean, kristautasun sozialak eta literatura existentzialak garrantzi handia zuten. Beraz, horrek niregan eragina izan zuen. Bestalde, fraide izateari utzi eta ezkontzea erabaki nuen, eta egoera horrek ere arrastoa utzi zuen niregan. Espresionistatzat dut neure burua eta, hortaz, joera horretako artistak gertu sentitzen ditut: Bacon, Freud, Munch eta Kokoschka, besteak beste. Bestalde, Picassok marrazkiaren inguruan eta Chagallek koloreari eta alderdi formalari dagokionez asko eragin zidaten.Orain inguruak ez dit horrenbeste markatzen, nire ibilbide artistikoa zehaztua dudalako.

Zer geratzen zaizu egiteko artista moduan?

Egun, Zarauzko webgune batean lanean nabil; bertan, artearen inguruko nire kontzeptua, artearen eta erlijioaren arteko lotura… jorratzen ditut. Era berean, Andoaingo La Salle fraideen enkargaguz, Errioxan (Araba) duten etxe baterako horma bat egiten ari naiz. Etorkizunean, tailerrean sartu eta bururatzen zaidana egiteko asmoa dut. Materialen nahasketarekin jarraitzeko eta beste artisten artelanak hartu eta berriz interpretatzen jarraitzeko asmoa dut.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)