Adingabeen defendatzailea eta Maite Etxaniz bildu dira egoera aztertzeko

Babesik gabeko etorkin adingabeei laguntza bermatuko diela ziurtatu du Gipuzkoako Gizarte Politikarako diputatuak

Berria, , 09-04-2009

Erredakzioa.
Donostia

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikarako diputatua, Maite Etxaniz, EAEko adingabeen defendatzaile Jesus Gutierrezekin bildu zen atzo, etorkin adingabeen gaia aztertzeko. Bi aldeek bilera «adeitsua» izan zela adierazi dute, eta orain arte bezala helburu nagusi bat izango dutela. «Babesik gabe dagoen edozein adingaberi laguntza ziurtatu eta bermatzearen alde egingo dugu lan etorkizunean ere», adierazi dute Gipuzkoako Foru Aldundiko iturriek. Bide horretan, ezinbestekotzat jo dute bi aldeen arteko elkarlana, eta halako bileren garrantzia nabarmendu dute: «Halako harremanak izaten jarraituko dugu, informazioa trukatzeko eta elkarren asmoen berri izateko».

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikarako Departamentuko ordezkaritza bat, berriz, Zestoa eta Debako alkateekin eta Endoia auzoko bizilagun batzuekin bildu zen asteartean. Debako etorkin adingabeen zentroaren egungo egoera aztertu zuten bilera hartan. Hitz egindakoari buruz ez dute azalpenik eman, baina heldu diren hilabeteetan harreman gehiago izango dituztela jakinarazi dute Aldundiko ordezkariek.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)