Bizkaiko Aldundia etorkin adingabeen «integrazio bidearen» alde azaldu da
SOS Arrazakeriak salatu du Diputazioak 16 gazte kanporatu nahi dituela Bizkaitik, eta politika aldatu duela
Berria, , 09-04-2009Bizkaiko Aldundia etorkin adingabeen «integrazio bidearen» alde azaldu da
SOS Arrazakeriak salatu du Diputazioak 16 gazte kanporatu nahi dituela Bizkaitik, eta politika aldatu duela
Erredakzioa.
Bilbo
Dimisioa aurkezteko batere asmorik ez duela adierazi du Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatuak, Juan Maria Aburtok. Eta babesik ez duten etorkin adingabeen «integrazio bidearen» alde agertu da. Hala ere, nabarmendu du «aparteko zailtasuna duten egoeretan aparteko neurriak» beharko direla. Bizkaiko Diputazioak aurreko astean jakinarazi zuen zaintzapean zeuzkan 16 gazte Bizkaitik kanporatzeko asmoa. Erabaki hori kritikatu zuen, herenegun, Bizkaiko SOS Arrazakeriak. Eta hari erantzun zion, atzo, Aburtok, Ijitoen Nazioarteko Eguneko ospakizunetan, Bilbon.
SOS Arrazakeriak uste du kanporatzeko erabakiak Diputazioaren «diskurtso eta politika aldaketa» ekarri duela, eta «gazteak kanporatzeko bideak zabaltzea eta haien estigma soziala indartzea» duela helburu. Era berean, salatu du Diputazioak «neurri errepresiboak» hartu dituela, «hezkuntza erronken aurrean».
SOS Arrazakeriaren esanetan, «harrera ona eskaintzea, agindu legal eta etikoa ez ezik, gatazkak saihesteko biderik onena ere bada». Adingabeak artatzeko zentroetako baldintzak hobetzen ez diren bitartean, «Diputazioak ez dauka zilegitasunik adingabeak gatazkatsuak direla esateko», SOS Arrazakeriak dioenez. «Adingabeak babesteko gai ez bada», Aburtok dimisioa eman beharko lukeela uste du taldeak.
Aburtok beste era batera ikusten du gaia, ordea. «Babesik ez duten adingabe etorkinak integratzeko bidea da gure proiektua», adierazi du. Sor litezkeen arazoen inguruan «aparteko neurriak» hartu beharko direla adierazi du, baina horrekin «teoria orokor bat» ez egiteko eskatu du. Aldundiak martxoan jakinarazi zuen 16 gazte kaleratzeko asmoa. Adingabekoak zirelakoan, harrera etxeetan zeuden, baina probak egin, eta 18 urtez gorakoak zirela ohartu ziren, Diputazioaren esanetan. Horren arabera, eta dokumentazio faltsua zutela leporatuta, kaleratzeko espedienteak ireki zizkieten. Aralarrek ere azalpenak eskatu zizkion Aburtori erabaki horrengatik.
ELA, atxiloketen aurka
Gaur zortzi Bilboko Zorrotzaurre auzoan pabiloi batean 16 lagun atxilotu izana gaitzetsi du ELA sindikatuak: «Azken hilabeteetan etorkinen aurkako erasoak eta atxiloketak ugaldu dira Hego Euskal Herrian. Helburua, antza, paperik gabeak identifikatzea eta atxiloketa kupoak betetzea da».
ELAk uste du etxebizitza egokia eskaintzea «udalen ardura» dela, eta paperik ez edukitzea «Atzerritarren Legearen errua» dela, eta etorkinak «kriminalak balira bezala» ez hartzeko eskatu du.
(Puede haber caducado)