Belgikako etorkinen auzia

Paperik ez, bizirik ez

Berria, , 10-04-2009

Belgikan, 100.000 lagun inguru bizi dira, gaur egun, paperik gabe. Bertan sustraiak dituztenak erregularizatzearen alde borrokatzen dira hainbat giza talde; herritar soil askoren jarrera, baina, uzkurragoa da.

Allande Sokarros.

  • Etorkinen egoera

Paperik ez duten eta, beraz, legez kanpo bizi diren etorkinen auziak hautsak handizki harrotu ditu azken urte honetan Belgikan. Arazo horri irtenbidea emateko akordio bat hitzartu zuten, 2008ko martxoan, Yves Leterme orduko lehen ministroaren koalizio gobernuko indar politiko flandriar eta frantses hiztunek. Zehazki, paperik gabe bizi den etorkin andanaren erregularizazioa ahalbideratzeko irizpideak hitzartu beharra aldarrikatu zuen Bruselako gobernu federalak. Orduz geroztik, baina, erabaki hori gauzatzerik ez da izan, eta tartean ere Belgikak beste krisi politiko bat jasan du, Yves Leterme lehen ministroaren dimisioarekin.

Gauzak horrela, eta egoera jasangaitzak etsiturik, paperik gabe bizi ezinean den etorkin andanak protestari ekin dio. Hala, itxialdiak hasi dituzte Bruselako bi unibertsitate pribatuen egoitzetan flandriarra bata eta frantses hiztunekoa bestea, baita hiriburu federaleko eliza batean ere. Apirila hasieran, 640 lagun inguruk parte hartu dute itxialdiotan; horietatik 360k, berriz, gose greba bati ekin diote, batzuek orain dela hilabete pasa. Azken ekintza mota horrekin ezadostasuna agertu dute Belgika osoko 120tik gora elkarte biltzen dituen FAM Asiloa eta Migrazioa Foruak eta 22 gobernuz kanpoko erakunde bateratzen dituen CIRE atzerritarren eta errefuxiatuen aldeko ekimenen koordinakundeak.

Bi egitura horietako kide eta eledun den Frederique Maweten iritzian, «gose grebari ekin dioten lagun horiek ez dute, oro har, irizpide zehatzetan oinarritutako erregularizazio politika bidezkoa aldarrikatzen; bai, ordea, bakoitzak bere kasu propioari irtenbidea aurkitzeko eskatzen». FAMek eta CIREk nabarmentzen dute Belgikan gaur egun bizi diren 100.000 paperik gabeko etorkinen artean erregularizatu behar direla, baitezpada, herrialdean «sustrai sendo eta egonkorrak» haziak dituztenak, hots, «gizarte, kultura eta ekonomia arloetan parte-hartze ukaezinekoa daramaten atzerritarrak». Mawetek ohartarazi du, halaber, gose greba egitearen ondorioz, euren egoera erregularizatzea lortu baldin badute, Belgikara berriki etorriak ziren atzerritar batzuek, irtenbiderik gabe geratu direla, aldiz, herrialdean aspaldidanik bizi diren beste hainbat eta hainbat lagun. Hortaz, berriz ere, erakunde horien iritzian, Bruselako gobernuak irizpide zehatzak eta bidezkoak finkatu behar ditu.

Gizarte eragileen mobilizazioa

Alabaina, agerian geratu da Belgikako bost indar politiko flandriar eta frantses hiztun biltzen dituen Bruselako gobernu federala ez dela hainbesteraino presatua auzi horri irtenbide bat emateko. Uzkur jokatze horri arrazoi bat baino gehiago ikusten dio Mawetek: «Aitortu behar da herritarren mobilizazioa nahiko ahula dela». Hala, paperik gabe direnen erregularizazio irizpideak finka daitezen, eta Gobernuak hitzartutako akordioa gauza dadin azkenik antolatu den manifestazioan, 10.000 lagun inguruk zuen parte hartu, eta hori «aski gutxi da hamar milioi bizilagun dituen herrialde batentzako», nabarmendu du Mawetek. Herritar gehienen geldoan geratze horrek «agintari politikoengan presio gutxiegizkoa dakar», iritzi dio FAM eta CIRE egituretako bozeramaileak. Gainerat, gobernu federaleko koalizioan parte hartzen duen Open VLD Flandriako alderdi liberalak ahaleginak oro egiten ditu 2008ko hitzarmena gauzatzeko, paperik gabe diren etorkinen erregularizazio prozesua aski begi txarrez ikusten baitute horren hautesle ugarik. Kontua da Open VLDko kide dela gobernu federaleko Asilo eta Migrazio Politikarako ministro Annemie Turtelbom, eta horrek adierazi berri du ez duela «presiopean jardungo».

Herritar arrunt askoren presiorik ez bada ere, Belgikako gizarte eragile nagusi andana azaldu da erregularizazio prozesu argi, zehatz eta bidezko baten irizpideak azken batean finkatu eta gauzatu egin daitezen eskabidearen alde. Hala, joan den otsailean, Belgikako erlijio nagusi guztietako goi arduradunek aho batez exijitu diote Bruselako gobernu federalari agindutako migrazio politikak indarrean jar ditzan. Gizartearen arlo laikoen aldetik, bestalde, herrialdeko unibertsitateetako kargudun goren guztiek ere erregularizazioaren bideak urratzeko eskatu diote Herman Van Rompuy lehen ministroaren aginteari.

Azkenik, Belgikako abokatu guztiak bateratzen dituzten egiturek auzi-salaketa jarri diote herrialdeko gobernu federalari orain dela urtebete agindutakoa bete ez duelako.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)