Larrepetit. Ezinezko diru-bidalketak

Berria, Castillo Suarez, 14-04-2009

Etorkin askok urteak daramatzate beren seme-alabak ikusi gabe badira haiekin inoiz egon ez direnak ere, haiek hemen bizi direlako eta besteak Ekuadorren, Kolonbian, Bolivian edo beste nonbaiten. Orain arte alokairuari edo hipotekari aurre egin ahal izan diote, bai eta gainerako gastuei ere, eta, gainera, diru-bidalketak egin ahal izan dituzte beren jatorrizko herrietara.

Diru-bidalketa horiek gutxitu dira azkenaldian, ordea, eta zenbait kasutan desagertu ere egin dira. Izan ere, krisiak denok astintzen gaitu, baina batik bat etorkinak zigortzen ditu eta, bidenabar, haien jatorrizko herrialdeak, etorkin askok ezin dietelako dirurik bidali orain arte bezala ikusi ezin dituzten senitartekoei.

Ametsak eta proiektuak bete gabe daude han eta hemen. Ezinezko diru-bidalketak ezinezko ametsak dira. Baina noiz eman amets bat bukatutzat. Nola ahaztu proiektu bat ez badugu hura ordezkatuko duena, nahiz eta txikiagoa izan. Nola bizi ametsik gabe. Nola gehitu horri orain arte lortutakoa galtzeko beldurra: lana, etxebizitza, aurrezkiak, egoitza baimena. Nola bizi deportazioaren mehatxupean. Langabezia-saria agortzen denean. Nola bizi ezer gabe ezerezera bueltatzearen beldurrez. Nola bueltatu ezinezkoa bada zorrak direlako loturarik estuenak. Nola bueltatu ez badute nahi, ez joan zirenek ez geratu behar izan zutenek ere. Hangoa hemengoa baino makurragoa bada.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)