Munduko hainbat egunkari paperean irakurtzeko bidea ematen duen egitasmoa martxan da Irungo Ikust-alaia liburutegian.

Egunkarien topalekua

Behe Bidasoako Hitza.

Berria, Erik Gartzia., 15-04-2009

2009-04-15
Behe Bidasoako Hitza.

Irun (Gipuzkoa) betidanik izan da etorkinak hartu dituen herria. Pasa den mendean Espainia aldetik etorri zen jende uholdea. Mende honetan, aldiz, beste herrialde batzuetatik etorritakoak dira nagusi.

Jatorriko herrialdearen berri izateko zerbitzua jarri du martxan Irungo Ikust-alaia liburutegiak. Munduko Egunkariak du izena, eta mundu osoko 200 egunkari baino gehiagoko zerrenda dute. Guztira 60 herrialdeko agerkariak irakurtzeko aukera dago, 30 hizkuntzatan.

Hala ere, zerbitzu hori baliatzeko lehendabizi eskakizuna egin behar da, liburutegian bertan. Iñaki Zeberio Ikust-alaia liburutegiko liburuzainaren esanetan, eguneko lau egunkari inprimatzen dituzte: errusiar bat, txinatar bat, kolonbiar bat eta frantsesez idazten duten egunkari marokoarra.

Egunkari horiek ez dira besterik gabe hautatu. Arrazoi batean oinarritutako irizpidea hartu dute: etorkin komunitate handienen jatorriko herrialdeko egunkariak hautatu dituzte. Irungo brasildarren komunitatea handia izan arren, oraindik ez dute inprimatu hango agerkaririk. Zeberiok horren arrazoia eman du: «Sao Pauloko agerkari bat eskatu digute, baina kontua da dugun zerrendan ez dela agertzen». Hala ere, zerrenda hori zabaltzen ari dela esan du Zeberiok, beste egunkari batzuk sartuz.

Zerbitzu horren ezaugarrietako bat egunkariak bere osotasunean eskaintzea da. Hedabide askoren kasuan, paperezko edizioa eta digitala ezberdinak dira baina kasu honetan papereko edizio osoa irakurtzeko aukera dago.

Ikust-alaia, gainera, ez da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 200 egunkari horiek irakurtzeko aukera ematen duen bakarra. Bilboko San Frantziskoko liburutegiak eta Ermukoak dute antzeko sistema martxan Bizkaian, eta Gasteizkoak Araban. Irungoaz gain Zarautzen ere eskaintzen dute zerbitzu hau.

Eusko Jaurlaritzaren Euskal Kultura Planaren baitan ulertu behar da Munduko Egunkariak egitasmoa. Bertan kultura aniztasunaren kontzeptua indartzeko konpromisoa dago. Horren harira, iazko urriaren 24an, Liburutegien Nazioarteko egunean, nazioarteko egunkariak liburutegietan hedatzeko erabakia hartu zuten. Liburutegiak herritarren topagune bilakatzeko asmoa du planak. Hala, hainbat liburutegiri eman zieten programa honi heltzeko aukera. Horietako bat da Irungoa. Zeberioren arabera, eurek ezin izan zioten horrelako egitasmo bati muzin egin. Udalak ordaintzen du papera eta inpresioa, baina egunkarien lizentziarako dirua Jaurlaritzak jartzen du. Herbehereetako enpresa batek kudeatzen ditu lizentziak.

Mugak ditu zerbitzu horrek. Egunean lau edo bost egunkari inprimatzeko aukera dute soilik. Hala ere, oreka mantentzen saiatuko direla dio Zeberiok. Adibidez, egun batean pare bat agerkari inprimatuz gero, beste egun batean zazpi inprima ditzakete. «Ezin ditugu egunero hamar egunkari argitaratu».

Gainera, Munduko Egunkariak liburutegian irakurri behar dira, ezin dira atera. Zeberiok horrela azaldu du: «Ateratzen dugun ale bakoitza erregistratua geratzen da eta, ondorioz, royaltyak ordaindu behar ditugu. Hala ere, herriko elkarteen artean banatzeko aukera egon daiteke etorkizunean».

Egitasmoa irundarren artean oraindik ez dela zabaldu dio Zeberiok. «Laster hasiko dugu hobeto ezagutarazteko kanpaina, oraindik errodajean gaude».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)