«Arrazistak» arrazismoaren aurka
Iran gonbidatuen artean delako, bederatzi herrialdek, AEBak eta Israel buru direla, boikotatu egin dute konferentzia Zalaparta sortu du Tel Aviv «arrazista» dela esanez Ahmadinejadek egindako diskurtsoak
Berria, , 21-04-2009Ixiar Zubiaurre.
Genevako konferentzian (Suitza) onartu beharreko deklarazioa «orekatua» dela dio Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak. Ez dio inolako aipamenik egiten Israeli, ezta horrek okupatutako lurralde palestinarrei ere. Holokaustoa bai, aipatu dute dokumentuan, gertatutakoa ez dela ahaztu behar aldarrikatuz. Hala eta guztiz ere, «semitisten aurkako plataforma» bihurtuko delakoan, Arrazakeriari, Xenofobiari eta Intolerantziari Buruzko Konferentzia boikotatu dute bederatzi herrialdek. Mahmud Ahmadinejad Irango presidentea, izan ere, Genevan da atzotik, eta Israelek nahiz horren aliatuek ez dute begi onez ikusten hark parte hartzea. Hori hala, atzo hasi eta ostirala arteko biltzarrera ez joatea erabaki dute.
Europako Batasunak, berriz, konferentzian parte hartuko zuela jakinarazi zuen bezperan, onartu beharreko dokumentuak Bruselak ezarritako «lerro gorriak» zeharkatzen ez zituela iritzita. Biltzarra polemikoa izango zela jakitun, hala ere, EBko ordezkariek ohartarazi zuten «adierazpen onartezinak» entzuten bazituzten bilera aretotik irtengo zirela. Eta hala egin zuten atzo, Ahmadinejadek diskurtsoa hasi eta gutxira.
Ekialde Hurbilean ezarritako «gobernu arrazistaren» aurka egin zuen Ahmadinejadek hitza hartutakoan; Tel Avivez ari zen. Eta, gobernu horretako ordezkaririk han ez bazen ere, erreakzioak berehalakoak izan ziren: hainbatek txaloka hartu zituzten kritikak; juduen aldeko ekintzaileek, aldiz, «arrazista» deitu zioten. Bitartean, txalo eta oihu artean, isilik, EBko ordezkariek aretoa utzi zuten.
Elkarri arrazista izatea leporatuz hasi dute konferentzia Iranek eta Israelek, hortaz; lehenengoak, parte-hartzaile gisa; Tel Avivek, kanpotik. AEB Ameriketako Estatu Batuetako ordezkaririk ere ez da Genevan, ezta Alemaniakoak, Austriakoak, Herbehereetakoak, Italiakoak, Kanadakoak, Poloniakoak eta Zelanda Berrikoak ere. Horiek guztiek bat egin dute boikotarekin.
Durban, bigarrengoz
Israelek palestinarren aurka erabiltzen duen «basakeria» eta «errepresio politika» salatzeko diskurtsoa egin zuen Ahmadinejadek. Ez hori bakarrik. Iraken eta Afganistanen okupazio militarra hasi izana ere salatu zuen, eta esku-hartze militarrek bakea eta egonkortasuna lortzeko balio izan duten galdetu zuen segidan. Halaber, NBEko Segurtasun Kontseiluari ere eskatu zizkion kontuak: «Isilik egon da Israelek krimenak egiten zituen bitartean; Gazan zibilen aurka egindako bonbardaketetan hala egin du».
Bere aurka egindako oihu eta txistuek ez zuten isildu Ahmadinejad. «Munduko sionismoak arrazakeria hezurmamitzen du», zioen; izan ere, besteek «hiltzaile» deitzen zioten bitartean. Dena ez zen kritika izan, hala ere. Irango presidenteak AEBekin negoziaziazioak hasteko prest dagoela adierazi baitzuen; balizko elkarrizketa horiek, baina, «elkarrenganako» errespetuz egingo beharko dira.
Zalapartak eta polemikak konferentziaren helburu nagusia bigarren planoan utzi dute hala. Mahai gainean dute datozen egunetan eztabaidatu eta onartu beharreko dokumentua. Bazterkeriari aurre egiteko konpromisoa berritu behar dute, baina ez da halakorik posible izango liskarretan jarraitzen badute. Horregatik deitoratu du Ban Ki-moonek AEBekin batera gainontzeko zortzi herrialdeek Genevara ordezkaritzarik bidali ez izana: «Beste norabide bat hartzearekin amesten dugu, baina askok iraganari eusten diote. Beste batasun bat bilatzeaz hitz egiten dugu, garaiek hala eskatzen dutelako, baina ahul eta banatuta jarraitzen dugu», adierazi du, eta konferentziaren haritik sortutako giroa orain zortzi urte Durbanen (Hegoafrika) izandakoa baino hobea ez dela gogorarazi. Durbango konferentzian, izan ere, AEBek eta Israelek parte hartzeari utzi zioten, Iranek azken horri «estatu arrazista» izatea egotzi ziolako.
«Tolerantziaz eta elkarrenganako errespetuaz hitz egiten dugu, baina behatzarekin seinalatzen dugu eta duela urte asko egiten genituen akusazio berak egiten ditugu», gaineratu du NBEko idazkari nagusiak. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, izan ere, gogor salatu du Suitzak arrazakeriaren konferentziara Ahmadinejad gonbidatu izana: «Gutariko sei milioi lagun hil zituzten holokaustoan. Eta hori gogorarazten dugun bitartean, arrazismoaren konferentziako ohorezko gonbidatua holokaustoa ukatzen duen arrazista bat da, Israel mundutik desagertzeko inolako erreparorik agertzen ez duena».
(Puede haber caducado)