Peruko Chirapaq gobernuz kanpoko erakundeko proiektuen arduraduna

«Estatuek aurreko biltzarrean harturiko konpromisoak bete dituzten ikusiko da»

Berria, , 21-04-2009

Eihartze Aramendia.

Orain dela zortzi urte arrazakeriaren inguruan Hegoafrikako Durban hirian egindako konferentzian hartutako neurriak erabat ez direla bete uste du Vilma Rodriguezek (Lima, 1969), Peruko Chirapaq gobernuz kanpoko erakundeko proiektuen arduradunak. Dena den, horrelako goi bilerak «guztiz beharrezkoak» direla iritzi dio, «guztion ahotsa entzuteko».

Zer-nolako garrantzia du Genevan (Suitza) egiten ari zareten bilkurak?

Garrantzia handia du oso. Bertan 2001ean Durbanen arrazakeriaz, xenofobiaz eta intolerantziaz hitz egindakoak bete diren neurtuko da. Estatuek konferentzian hartu zituzten konpromisoak bete dituzten edo ez ikusiko da. Hausnarketa moduko bat egingo da, eta hori guretzat, indigenen komunitateentzat, oso garrantzitsua da, jarraipen bat egingo zaiolako gure egoerari. Gainera, neurri gehiago hartu ahal izango dira, eta hori oso interesgarria da.

Orduan hartutako konpromisoak bete direla uste duzu?

Oro har, gure erakundeak ez du oso balantze ona egiten. Gure kasuari dagokionez, Peruk lan egin du arrazakeriaren, xenofobiaren eta intolerantziaren aurka, baina oro har. Indigenen komunitateari erreferentzia egiten badiogu, ez da aurrerapauso handirik eman. Konpromisoak egoki bideratzea faltatu da indigenen komunitateari dagokionez.

Ika-mika ugari izan dira konferentziaren dokumentu ofizialaren inguruan. Herrialde askok zuzenketak egin nahi izan dizkiote testuari.

Azken batean herrialde bakoitzak bere interesak ditu. Pakistanek eta Iranek, esaterako, holokaustoari erreferentzia egiten zaion testu zatia kendu nahi izan du. Eta bere horretan uztekotan, beste genozidioak ere azaltzea nahi zuten. Interes jakin batzuk zituzten. Guk ez dugu inongo zuzenketarik egin.

Hainbat herrialdek boikotatu egin dute biltzarra; AEBek eta Israelek, esaterako.

Hor ere interesak daudela iruditzen zait. Ez dakit zehazki zer-nolako interesak izango diren. Israelek adierazi duenez, bilera hau bere aurka joateko baliatuko da, palestinarren gatazka dela eta.

Begi onez ikusten duzue Genevako konferentzia?

Horrelako bilkurak oso beharrezkoak dira guztion ahotsa entzuteko. Bakoitzak bere herrialdearentzat hoberena nahi du, eta batez ere gure estatuak konpromisoak betetzea nahi dugu. Biltzar hau arreta deitzeko baliatuko dugu, estatuek neurriak bete ditzaten adierazteko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)