Egoera ekonomikoak eta arrazakeria mailak zuzen-zuzeneko lotura dutela ondorioztatu du NBEk; lan aukerak murriztearekin postuak eskuratzeko konpetentzia areagotu egiten baita.
Ekonomia krisiaren ahuntz-buruak
Berria, , 21-04-2009Leire Ventas.
Lana egiteko eskubidea aldarrikatzea ez da xenofoboa», argudiatzen zuen Bobby Buirdek, Unite sindikatuko buruak. «Gurea ez da atzerritarren kontrako manifestazioa. Langile britainiarrak baztertzen dituzten enpresen aurka gaude gu». Joan den urtarrilaren 30ekoak dira adierazpenok. Buirdek lau egun zeramatzan Total enpresak Lindsey hirian (Erresuma Batuko ipar-ekialdea) duen birfindegiaren atarian protestan; konpainiako mila bat beharginek grebara deitu zutenetik. Lankide kontratatu berriengatik ziren kexu: italiarrak eta portugaldarrak ziren eta.
Enpresa britainiarrak Irem talde italiarrarekin bat egin eta sulfuroa eraldatzeko planta bat eraikitzekotan ziren. 500 lanpostu sortzea esan nahi zuen horrek; berri ezin hobea, krisi garaian. Baina postuak hitz emanda zituzten jada, eta ez ziren britainiarrentzat. Italiatik eta Portugaldik eramango zuten esku lana. Erresuma Batuko langabezi tasa %6,1ekoa izanik, eta azken kaleratzeak ikusita, ordea, albisteak sutu egin zituen enpresako beharginak. Eta grebari ekin zioten, Gordon Brown lehen ministroaren promesa zahar bat ahotan hartuz. Hala, lan britainiarrak langile britainiarrentzat zioten pankartak eskuan hartuta, birfindegiaren ateetan kanpatu zuten. Horixe agindu baitzuen Brownek gobernuburu izendatu zutenean: herrikideentzat lanpostuak sortuko zituela.
Egunak pasa ahala, protesta hedatu egin zen. Totaleko beharginen kausarekin bat egin, eta kalera atera ziren Mildford Haven gas hornikuntzarako konpainiako mila bat langile, Galesko ekialdean. Eta elkartasuna agertu zieten Eskoziako sei energia konpainiatakoek ere.
Krisiaren mozkin politikoa
Berehala hasi ziren eskuin muturreko erakundeak jarrera horiek baliatzen, mozkin politikoa ateratzeko. BNP Alderdi Nazional Britainiarreko liderrak, esaterako, protekzionismoaren aldeko eta etorkinen kontrako mezuak hasi ziren igortzen. Artean, europarren arrazakeria neurtzeko asmotan, hainbat inkesta argitaratu zituzten. Alemanian egindako batek erakutsi zituen emaitza kezkagarrienak: hamar gazte alemaniarretatik seik arrazistatzat zuen bere burua.
Halakoak gero eta ohikoagoak izango direla iragarri zuen atzo NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideetarako goi ordezkariak, Genevan (Suitza). «Ekonomia eta elikagai krisiak aurreiritziak eta eraso arrazistak areagotuko dituzte», esan zuen Navy Pillayk Arrazakeria, Xenofobia eta Intolerantziari buruzko Konferentzian. «Krisi garaian lan aukerak murriztearekin batera, lanpostuak eskuratzeko konpetentzia areagotu egiten da», azaldu zuen. «Hor agertzen dira jarrera baztertzaileak». Ez da halakoak adierazten lehena.
Bide beretik, krisia-arrazakeria binomioa ikaragarri bezain saihestezina dela deritzo Olga Jubanyk, Europako Gizarte Ikerketarako Saileko zuzendariak. «Eskulan faltagatik etorkinak beharrezkoak direla argudiatu dugu. Orain, lanik ez dagoenean, diskurtso utilitarista horrek pagarazi egingo digu». Haren arabera, etorkinak kriminalizatzea sustatu du. «Gaitz guztien ahuntz-buru bilakatu ditugu: hirietako segurtasun faltarena lehenbizi, nazioarteko terrorismoarena gero, eta orain, krisiarena».
(Puede haber caducado)