Azpeitiko 80 haur etorkin daude guztira euskara indartzeko saioetan

Diario de noticias de Gipuzkoa, Kristina Fernández, 17-04-2009

Euskara Patronatuak ‘EtorkiZUn’ proiektua jarri du abian aurten hirugarren urtez

Azpeitia. Euskara Patronatuak eta herriko lau ikastetxeek – Iraurgi, Ikasberri, Karmelo Etxegarai eta Urola – EtorkiZUn proiektua martxan jarri dute aurten hirugarren urtez jarraian. Ekimenaren bidez, gero eta haur etorkin gehiagok hobetzen dute beren euskara maila. Egitasmo honen helburua haur eta gazte etorkinek euskara ikasi eta Azpeitiko gizartean errazago txertatzea da eta, gaur egun, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako 80 haur ari dira saioetan parte hartzen, nahiz eta batzuk ikasturte osoa ez duten amaitzen, beste herrialde batera joaten direlako.

Haur etorkin hauen artean aurkitu daitezkeen jaioterriak ugariak dira, hala nola, Portugal, Maroko, Argentina, Txile, Peru edota Ekuadorrekoak dira, besteak beste.

Ikasle bakoitzaren irakasleak izaten dira haurrak matrikulatzen dituztenak, ikastetxeetan euskara ikasteko zailtasunak nabarmentzen dituztenean. Honela, Patronatuak prestatzen dituen euskara ikasteko laguntza ikastaroko eskolak urrian hasi ziren eta ekainera arte luzatuko dira. Saioak astean bi egunez ematen dituzte ikastetxe bakoitzean 14.00etatik 15.00etara bitartean eta haurrek ahalik eta ondoen pasa dezaten, ikasgaiak beraiei interesatzen zizkien inguruan egiten dira.

EtorkiZUn ekimenaren arduradunak izandako emaitzarekin gustura agertzen diren arren, “oraingoz eraginkorra da”, hobekuntzak eta pauso gehiago emateko prest azaldu dira. Modu honetan, Azpeitiko Udala eta herriko eragile desberdinak garatzen ari diren Inmigrazio Planaren baitan haur etorkinen integrazioan eta hezkuntzan haratago joateko ideiak eta ekarpen ugari agertu direla aurreratu zuten ordezkariek.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)