Etorkin adingabeen programa azalduko du Foru Aldundiak

Gipuzkoako Gizarte Politika Sailak apirilaren 29ko bileran emango die erakundeei harrera sarearen berri

Berria, , 08-04-2009

Erredakzioa.
Donostia

Erakundeen arteko bilera antolatu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politika Sailak, bidaiderik gabeko adingabe etorkinen inguruan prestatu duen programaren eta harrera sarearen berri emateko. Gaiaren inguruan dauden arazoak aztertzea eta irtenbidea emateko alternatibak proposatzea izango da batik bat hilaren 29an egingo den bileraren helburua.

Bilera horren jakinarazpena Eudel Euskal Udalen Elkarteak Aldundiari Erakundeen Arteko Foroa egin zezan eskatu ondoren egin du Gipuzkoako Aldundiak. Azken bi asteetan bidaiderik gabeko 25 adingabe etorkin atxilotu dituzte gertakari askorengatik, lapurretengatik bereziki. Horren haritik, Eudelen barruan dauden eta euren herrietan harrera zentroa duten hamaika udalerri elkartu ziren herenegun. Zentro horien inguruan sortzen diren kezkez hitz egin ondoren, Eudelek foroa egitea beharrezkoa zela adierazi zion Aldundiari.

Debako harrera zentroa

Gipuzkoako Aldundiko ordezkariak Debako eta Zestoako alkateekin elkartu ziren atzo Debako harrera zentroaren egoera aztertzeko. Izan ere, Aldundiak Debako zentroaren antzeko ezaugarriak dituen harrera etxea eraikitzeko asmoa du, non eta noiz eraikiko duen jakinarazi ez duen arren.

Gaur, bestalde, Maite Etxaniz Gizarte Politikako diputatua Jesus Gutierrez Adingabeen Defendatzailearekin biltzekoa da Aldundiak prestatutako programaren berri emateko. Era berean, harrera zentroa duten Gipuzkoako udalerriekin hilaren 27an bilera egingo duela jakinarazi du Etxanizek.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)