Gutxienez zortzi etorkin hil eta hogeitik gora desagertu dira Adengo Golkoan
Yemengo kostaldera ailegatu asmo zuten hainbat lagun itsaso zabalera salto egitera behartu zituzten
Berria, , 08-04-2009Erredakzioa.
Yemenera ailegatzea zuten helburu, bi ontzitan, baina asko bidean geratu dira. ANHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak atzo jakinarazi zuenez, gutxienez zortzi etorkin hil eta 22 desagertu dira Adengo Golkoan. Bi ontziak Somaliatik zihoazen Yemengo kostaldera.
ANHCRren arabera, lehengo ontzian 40 somaliar zihoazen, eta larunbat iluntzean, itsaso zabalean, ontzitik ateratzera behartu zituzten. Bidaiarien erdiek lehorrera iristea lortu bazuten, baina gainerakoak desagertuta daude. Igandean, berriz, 23 etorkin zeramatzan ontzi bat hondoratu zen. Zortzi lagun hil ziren, eta beste bi desagertuta daude. «Lekukoek baieztatu dutenez, ura itsasontzira ez sartzeko, trafikatzaileek plastikoz estali zuten bidaiarien gunea eta etorkinak ito egin ziren», salatu du Willian Spindler ANHCR erakundeko eledunak. Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren datuen arabera, aurten 17.000 etorkin baino gehiago ailegatu dira Yemenera. Urtarriletik hona 74 etorkin hil eta 51 desagertu dira bidaia amaitu gabe.
Lampedusara 239 iritsi dira
Bestalde, Italiako Lampedusa uhartetik hurbil 239 etorkin atzeman zituzten atzo. Kostazainek jakinarazi dutenez, etorkinak lau ontzitan zihoazen. Martxoko azken asteburuan 257 etorkin desagertu ziren Libiako kostatik gertu, Italiara bidean zihoazen bi txalupetako bat hondoratuta. Salbamendu taldeek 21 gorpu aurkitu zituzten.
(Puede haber caducado)