Leihatila

Nora ez faxista

Berria, Cristina Berlanga , 07-04-2009

Welcome filmaren estreinaldiak eztabaida piztu du Frantziako Estatuan. Film horrek alderatu egiten ditu Frantzian atzerritarrei buruzko legeek «papergabeei» ematen dieten tratua, eta juduek 1943an pairatu behar izan zuten jazarpena. Frantziako Estatuko legeek bost urterainoko kartzela zigorra ezar diezaiokete egoera araugabean dagoen pertsona atzerritar bati laguntza ematen dion edonori. «Zer-nolako herrialdean bizi gara?» galdetu dio bere buruari film zuzendariak, Philippe Loiret-ek.

Suitzan, Kode Zibila aldatzeko ekimen bat onartu dute Kongresu Nazionalean, eta, horren bitartez, Suitzan asilo eskubidea ukatu dieten atzerritarrak eta immigrante «papergabeak» ezin izango dira inorekin ezkondu Suitzako lurraldean.

Italian, Senatuak oniritzia eman dio lege proiektu bati, eta hura Diputatuen Ganberak noiz onartuko zain daude; lege proiektu horren bitartez, baliogabetu egingo dute aurreko araudia, zeinak medikuei eta gainerako osasun langileei galarazi egiten baitie egoera araugabean egon litezkeen immigranteen berri ematea agintariei.

Kontuan izanik klandestinotasuna delitutzat jotzea proposatu duela Berlusconik, gaixorik dauden pertsonak salatzeko betebeharra izango lukete medikuek, inolako paperik ez izateagatik bakarrik; hori da, behintzat, osasun alorreko sindikatuetako arduradunek salatu dutena.

Espainiako Estatuan, Ministroen Kontseiluak onartua du Atzerritarren Legerako aurreproiektua, eta, orain, legebiltzarreko izapideak bete zain daukate. Aurreproiektuak «arau hauste larritzat» jotzen du «Espainian atzerritar bati egoera araugabean iraunaraztea», eta 501-10.000 euro bitarteko isuna ezartzen du; atzerritar bati egoera araugabean iraunaraztea da, berriz, atzerritarrari arau hauslearen mendekoa izaki, ekonomia aldetik legeak aurrez ezarritako epeaz harago luzaraztea egonaldi baimendua. «Lege erreforma horrek berebiziko garrantzia du, etika-politika aldetik: arau bat sortzen du, eta arau horrek legez kanpoko bihurtzen du elkartasuna, Estatu baten egituraketan hain ezinbesteko den balio irizpidea».

Inolako zalantzarik gabe, nora ez faxista halako batean doaz jitoan Europako estatuak, dena delakoa izanagatik ere haien politika ideologia. Botere politikoa eta faktikoa beren esku dutenek badituzte hainbat ideologia eta lege mekanismo, gizartea gero eta faxistago bihurrarazteko. Horretan esku hartu dute, halaber, Javier Alarcosek oraindik orain idatzi duenez, «egoera gaiztotu izanak, giro itogarria sortu izanak, eta keinu txiki ozta-ozta atzemangarriekin hasi eta giza senik gaiztoenak akuilatu izanak samaldaka». Ekonomia krisia dela eta, lotsa gutxiagorekin azaleratu ohi ditugu langile atzerritarrenganako xenofobia jarrerak. Egunerokotasuna hizpidera ekarrita, egunez egun ageri ohi zaizkigun adibideen adierazgarri da, esate baterako, martxoaren hasieran bi emakume afrikarrek Bilboko auzo batean jasan behar izan zuten erasoa. Hilabetea joan hilabetea etorri, giroa berotzen aritu izan dira auzo hartako bizilagunen elkartekoak, han ibili ohi diren emakume afrikarren zeharo kontrako gertatzeraino. Haietako biri bortizki eraso dietelarik, orain diote ez zutela espero jendearen asaldurak inolako erasorik ekarriko zuenik.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)