Zugaztietako auzia

Estigmaren itzala

Trapagarango Zugaztieta auzoko biztanleek ez dute ijito familia bat bertara mugitzerik nahi, «gatazkatsuak» direlakoan, baina sendiaren abokatuak argi utzi du Justiziarekin ez dutela inolako auzirik.

Berria, Maite Asensio. Trapagaran , 04-04-2009

Giro erabat gaiztotuak egingo dio harrera datorren astean Trapagarango Zugaztieta auzora (Bizkaia) mugituko den ijito familiari. Bertako bizilagunak kontra dituzte, sendia «gatazkatsua» delakoan, eta hala jakinarazi dute auzoan zehar jarritako hamaika kartelen bidez. «Sortutako alarma oinarrigabea eta irreala da», adierazi zuen atzo familiaren abokatu Maria Tato Merak. Eta hala berretsi zuen Ertzaintzak emandako datuak erabilita: emakumeak ez du aurrekaririk, eta gizonak bakarra dauka, 2005eko lapurreta txiki batengatik; egun, Justiziarekin ez du inolako auzirik. Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Arartekoak Zugaztietako biztanleen ezinegona elikatzea egotzi diote Trapagarango Udalari, familia erroldatzeko arazoak jarri dituelako. SOS Arrazakeria ere «oso kezkatuta» agertu da, «pertsona desberdinekiko eta egoera ezezagunekiko beldur zentzugabea sustatzen ari delako».

Duela ia hiru urte su hartu zuen familia horren Sestaoko etxeak (Bizkaia), eta ordutik herriko ostatu bateko bi logelatan bizi dira familiako zazpi lagunak: bikotea, bost hilabete eta zazpi urte bitarteko bost seme-alabekin. Hartara, Zugaztietako babes ofizialeko etxebizitza batera eramatea erabaki du Sestao Berri konpainiak Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailak eta Sestaoko Udalak osatua; «ez da opari bat, eskubide bat baizik», adierazi dute bertatik. Auzoko biztanleek, ordea, ez dute familia onartu nahi: «Ez da arrazakeria kontua; auzo elkartean ijitoak ditugu, eta ondoko etxeetan kolonbiarrak, errumaniarrak, portugaldarrak eta marokoarrak bizi dira. Baina familia hori gatazkatsua da».

SOS Arrazakeriako kide Diego Jauregik, ordea, jarrera «kezkagarriak» eta «irrazionalak» ikusten ditu auzokoen artean: «Gauza hauek etorkinekin eta ijitoekin gertatzen dira beti, inoiz ez bertako jendearekin. Hor atzean badago zerbait: desberdina den jendearekiko arbuioa, eta hemengoek kanpokoen aurretik izan behar dutelako ustea». Halakoetan, ijitoen estigma sozialetik eratorritako aurreiritziek indar handia dutela uste du Jauregik.

Familia, beldurrez

Zugaztietako tabernetan jarritako kartelek «mehatxua» adierazten dute; «itxaron zerrendarik gabe, doan bizitzera datoz, ezer ordaindu gabe», diote afixek. Familiaren abokatuak, ordea, alokairu kontratua dutela ziurtatu du: «Hori bete beharrean daude, alternatiba bakarra kalean bizitzea delako». Halaber, etxebizitza emateko prozedura «egokia» izan dela berretsi dute Etxebizitza Sailak eta Arartekoak.

Etxea egunez eta gauez «zaintzea» erabaki dute Zugaztietako auzokideek. Hala, istilu larriak izan ziren asteazkenean, familia etxera joan zenean: oihu eta mehatxu artean, Ertzaintzak lagunduta sartu behar izan zuten, eta Sestao Berriko teknikari bati eraso zioten auzolagunek. Familia ordu gutxira atera zen handik, eta «beldurtuta» daudela adierazi du haien abokatu Tato Merak: «Inork ez du nahi halako egoera batean bizi. Asteazkenean, nik neuk gomendatu nien alde egiteko». Istiluak eragin zituzten pertsonen aurkako salaketa jarriko du sendiak, abokatuak ziurtatu duenez.

Edonola ere, egoera bideratu nahian, Trapagarango eta Sestaoko udalekin eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin bildu zen atzo abokatua, eta datorren astean Zugaztietako auzokideekin biltzeko asmoa du familiak. «Arrazakeria kontua ez dela baldin badiote, eta familia arriskutsua edo gatazkatsua ez dela argi geratu baldin bada, ez litzateke arazorik egon beharko», dio Tato Merak.

Auzokideek atzo adierazitakoaren arabera, ordea, ez daude amore emateko prest; badakite familiak nonbait bizi behar duela, baina «hori ez da gure arazoa; konpon dezala Sestaoko Udalak». Iluntzean, manifestazioa egin zuten Trapagarango kaleetan zehar. Jokabide hori deitoratu du Diego Jauregik: «Familia hori ezagutu ere ez dutela nahi planteatzen ari dira auzokideak. Ea nola gerta litekeen den hemendik aurrera bizikidetza normalizatu bat auzo horretan».

masensio@berria.info

Esanak:

Zugaztietako auzokideak: «Ez da arrazakeria kontua; familia hori gatazkatsua da».

Maria Tato Mera abokatua: «Sortutako alarma oinarririk gabea eta irreala da».

Sestao Berri: «Ez da oparia, eskubidea baizik».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)