Xenofobia eta hainbat arrazakeria

Berria, Agustin Unzurrunzaga Gipuzkoako SOS Arrazakeriako kidea, 07-04-2009

Xenofobia, alegia, bestelakotasunari edo norbera ez bezalakoa denari beldurra, mespretxua, gorrotoa edo ezinikusia izatea, gizarte fenomeno oso hedatua da bizi garen planeta txiki honetan; xenofobia horren forma eta indarra, ordea, desberdina da gizarteen eta garaien arabera. Xenofobiak eta arrazakeriak eremu zabala partekatzen dute; arrazakeriari bide ematen zaio, hain zuzen, lehendik dauden desberdintasunak oinarritzat hartu eta gizarte edo politika praktika batzuk ezartzen direlarik, eta behe mailakotzat jotako giza talde jakinetako kideak tratu txarren, bereizkeriaren, eskubide urratzeen, sarraskien eta suntsiketen biktima bihurtzen.

Polimorfoa eta aldakorra izan da arrazakeria, denboraren joanean. Horrexegatik, hain zuzen, zaila da definitzeko, eta bereizi egin behar dira haren adierazpide ugariak. Honela dio Albert Memmik, bere Definizio saioa saiakeran (1964): «Biologia edo karakterologia desberdintasuna nahiz kultura desberdintasuna ditu oinarritzat arrazakeria akusazioak. Biologia nahiz kultura izan dezake abiaburu, eta horietatik orokortzen da gero akusazioak jomuga dituen izaera, bizimodu edo taldera. Batzuetan, biologia bereizgarria zalantzazkoa izan ohi da, edo ez da halakorik batere. Laburbildurik, terminoaren adiera hertsiak pentsaraz diezakeguna baino mekanismo askoz ere ugariago, konplexuago eta arruntagoa dakarkigu, zoritxarrez, arrazakeriak. Beharbada, ordezko beste termino bat erabili beharko genuke, arrazakeria jarduera ugariak ez ezik haien arteko loturak ere aditzera emango ligukeen esamolderen bat.

Esapide egokia bilatu ezinean, berrets dezagun izaera polimorfo eta aldakorra duela, eta bereizi egin behar direla haren adierazpide jakinekoak.

Garai bateko arrazakeria klasikoak, XIX. mendean garaturikoak, ez du gaur egun izen onik, baina beti agertu ohi da haren zantzurik, nola edo hala eta non edo han. Arrazakeria klasikoaren arabera, ezaugarri fisikoen araberako taldeetan arraza izenekoetan bereizi behar ziren izakiak; nolabaiteko loturak ezarri behar ziren talde horietako kideen ezaugarri fisikoen eta moralen artean; modu etnozentrikoan hierarkizatu behar ziren, eta goi mailakoak eta behe mailakoak bereizi; eta politika jakin bat ezarri behar zen, aipaturiko irizpide horiei jarraiki, behe mailakotzat edo kutsatzailetzat jotako edonor diskriminatu, bereizi, baztertu, ustiatu, suntsitu edo deuseztatu ahal izateko. Nolanahi ere, hauxe dio zuzenki Tzventan Todorovek bere Betebeharrak eta gozamenak. Mugen arteko bizia lanean: «Ez genuke arrazakeriaren kontra egon behar, biologiak frogatutzat eman duelako arraza guztiak berdinak direla. Hala izango balitz, guztiz kontrakoa ere gertatuko bailitzateke: demagun, azken batean, biologoek bihar edo etzi aurkitzen dutela arraza guztiak desberdinak direla, izan. Orduan, beltzak esklabo gisa tratatuko al genituzke?… Izatetik ez dator izan beharra. Gizaki guztien berdintasuna da gure ideala, guztiek eskubide eta duintasun berbera izatea, arrazoiz argudia baitezakegu beste edozein ideal baino handiagoa dela horixe, baina ez berez pertsona guztiak berdinak direlako».

Kultura bereizgarri bihurtu da arrazakeria. Arrazakeria modernoak ez du biologia materialismoa izan nahi oinarritzat; aitzitik, arrazatik etniara eta kulturara aldatu du arrazoibidea. Arrazakeria bereizle hori garatu zen Europan joan den mendean, 80ko urteetan. Arrazakeria mota horrek aditzera ematera, kultura dute bereizgarri gizakiek; berdintasuna aldeztu ordez, desberdintasuna aldarrikatzen du, bloke iragazgaitz gisa hartzen ditu kulturak, kaxa itxitzat, eta uste du ezinezkoa dela haien arteko harremana edo hainbat kulturetako pertsonen artekoa. Esplizituki, behintzat, ez du esaten kultura bat beste baten gainetik dagoenik, baina ukatu egiten du kultura askotako jendea elkarrekin bizi daitekeela politika eta gizarte eremu berean. Arrazakeria mota hori bitarikoa da, duda-mudatan baitabil nazio-komunitate bereko desberdintasunari gorazarre egin edo kultura desberdintasun hori gorrotatu; izan ere, desberdintasun horiek arriskuan jarriko lukete norbere kultura nortasunari iraunaraztea.

Arrazakeria mota landu horiez gainera, ordea, baditugu bestelako arrazakeria mota batzuk, egunerokoak, herri eta gizarte arrazakeriak, eta horiek arraza jakin batzuen bereizgarri bihurtzen dituzte gizarteko arazo benetakoak lana, etxebizitza, auzokoen arteko elkarbizitza, etxe blokeetan gertatzen diren gorabehera gizagabeak, segurtasuna, delinkuentzia eta abar. Arazoak soiltzeko joera dago, eta talde arrotz bati egotzi ohi zaio halakoak agertu izana, huraxe jotzen baita benetako bazter nahasletzat: ikasle atzerritarrei leporatu ohi zaie eskola porrota; auzoko bizilagunak aldatu izaki, haiei egozten zaie instituzioek gainerakoekiko ageri duten jarrera utzikeriazkoa; etxe blokeetako bizilagunak aldatu ahala, kezka sortzen da, ezezagunek segurtasunik eza dakartelakoan; atzerritartzat jotako giza talde bati egotzi ohi zaio oker guztien errua, hala izan edo ez; gogoeta egin ohi da, norbere auzora edo herrira atzerritarrak etorriz gero bizitzera, lehendik haietan bizi direnen seme-alabei nolako arazoak ekar ote diezaizkiekeen; langabeziari aurre egiteko, lehenik eta behin bertakoak enplegatzearen alde egin ohi da, bertakotasuna argudiotzat erabilita, lehen-lehenik bertakoei dagokiela lan eskubidea; eta abar eta abar.

Adierazpide horietan guztietan osagai benetakoak eta irudikeriazkoak nahasten dira. Norberak bizitakoa edo besteak bizi izan omen duena erabiltzen da argudiotzat, eta horrek bizipen neurrigabea dakar ondorio. Bizipen horren benetakotasuna dute aldarri, sentimendu onak eta berdintasun ideia edo berdintasunaren alde jardun beharra aldeztu ordez. Arrazakeria mota horrek mamu itxura du, baina ez da mamu hutsa bakarrik; ezaugarri eldarniozkoak ditu, baina ez da eldarnio erabatekoa ere; gizarte eragozpen benetakoak jartzen ditu agerian, baina ez da haien ispilu hutsa ere. Hori guztia da aldi berean. Eta horri guztiari eman behar diogu irtenbidea.

(Erredakzioan itzulia)

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)