Arbelari begira
Kultur aniztasuna eta komunitatea
Berria, , 07-04-2009Lehen bi moduluetan hizkuntza komunitatearen eta euskalgintzaren esperientziak eta irakaspenak jaso ostean, kulturgintza eta aldaketa sozialak aztertzeari heldu dio Huheziko Graduondokoak; zehazki, aro aldaketan bizi ote garen eta horrek kulturgintza birpentsatzera eraman behar gaituen eztabaidatzeari ekin dio. Josu Amezaga EHUko irakasle eta Soziologia doktoreak kultur aniztasunaren gaia ekarri du hizpidera lehen saioan. Azken bi hamarkadetan globalizazioaren ondorioz gertatu den etorkinen mugimenduaren hazkundeak debatea zabaldu du Europan, kolokan jarri baititu komunitate politikoa osatze aldera kultur ezberdintasunen inguruan 1970az geroztik garatu diren politika ereduak, akulturizazioan (Frantzia), segregazioan (Alemania) zein kultur aniztasunaren onarpenean (Erresuma Batua) oinarritutakoak. Euskal Herria ez dago etorkinen jario horretatik kanpo, datuek erakusten dutenez: EAEn 98.000 dira etorkinak (populazioaren %4,6 ), baina 2000. urtean, 20.000 baino ez ziren; Nafarroan, 1996an populazioaren %0,6 ziren, eta 2005ean %9,5. Hortaz, gurean ere auziari heldu eta gure diskurtso propioa garatu behar dugula uste du Amezagak, hori egin ezean etorkinen aurkako jarrera konpontzeak luze joko duelakoan. Haren galdera da: posible al da kultur ezberdinetan oinarrituriko komunitate politikoa osatzea?
Globalizazioak are konplexuagoa egin du etorkinen errealitatea, Amezagak azaldu duenez. Gaur egun etorkinak hobeto eutsi ahal dio bere kulturari, satelite bidezko komunikabideak, Internet, janaria… ditu eskura. Halaber, ez da leku batean finkatzen, baizik eta mugitu egiten da herrialde batetik bestera, eta harreman transnazionalak garatzen ditu (hemen bizi, negozioak han egin, sorterriarekiko loturak gorde…). Ondorio nagusia da etorkinaren errotzea zalantzan dagoela, eta, hortaz, galde daiteke noraino nahiko duen etorkinak bizi den komunitatean integratu…
Euskal Herrian kultur aniztasunaren inguruko diskurtso bat garatu nahi bada, lehenengo argitu beharra dago nor den etorkina, Amezagaren iritziz. Etorkinen definizioan gertatu den aldaketa «gaiztoa» salatu du, Espainia eta Frantziatik iritsitakoak ez beste guztiak hartzen baitira etorkintzat gaur egun. «Aldaketa horrek ahaztu egiten du aurreko guztia, konpondutzat ematen du». Politika propio bat lantzeko arazoak eta arriskuak ikusten ditu Amezagak: kultura nagusiari atxikitzeko etorkinen joera, euskal kultura «beste kultura bat» bezala tratatzea, etorkinen errealitate linguistikoa gehiengoa gaztelaniaz mintzo da… Halaber, komunitate politikoa eta kulturala bereizteko beharra defendatu du. «Etorkin bat komunitate politikoko kidea izan daiteke, baina horrek ez du halabeharrez komunitate kulturaleko kide bihurtzen». Hain zuzen, Kulturaren Euskal Planaren akatsetako bat hori dela dio, termino politikoetan planteatzen duela kulturaren definizioa: «Euskal Herrian egiten den kultura oro da euskal kultura».
(Puede haber caducado)