Etsipenaren biktima
Gutxienez 257 etorkin desagertu dira Libiako kostatik gertu, Italiara bidean zihoazen bi txalupetako bat hondoratu ostean. Salbamendu taldeek 21 gorpu aurkitu dituzte.
Berria, , 01-04-2009Ahaztuak dira. Haien kontrako neurriak hartzen dituztenean edo, orain bezala, bidean galtzen direnean soilik bilakatzen dira hizpide. II. Mundu Gerraz geroztik gertatzen den tragedia handiena dela salatu dute, baina baita gehiagotan gertatuko dela ohartarazi ere. «Etsitako jendeak etsipenezko neurriak hartzen ditu gatazkatik, jazarpenetik eta pobreziatik ihes egiteko», dio Antonio Guterresek, NBEko Errefuxiatuentzako goi komisarioak. Milaka kilometroko bidea egin eta hainbat hilabetez zain egon ostean, igande goizaldean abiatu ziren Libiatik. Bi ontzitan zihoazen 600dik gora lagunek Lampedusara iristea zuten helburu. Ez zuten lortu, ordea. Eguraldi txarra eta gehiegizko pisuaren ondorioz ia 300 lagun zeramatzan 50entzako tokia zuen txalupak, hondoratu egin zen ontzietako bat. Atzo arratsaldeko lehen orduan eten zituzten erreskate lanak. Emaitza, atsekabetzeko modukoa: 21 gorpu eta 257 desagertu. Beste 350 bidaiariek zorte hobea izan zuten. Italiako kostazainek atzeman zituzten, eta Libiako kostalderaino eraman.
Iaz 37.000 etorkin inguru iritsi ziren Italiako Lampedusa uhartera, Afrikako iparraldetik. Bidean geratutakoen datu zehatzik ez dago, ordea. Libiako kostaldean bizi direnek diote noiznahi agertzen direla gorpuak hondartzan; beste asko, berriz, itsasoak irensten ditu. Gobernuz kanpoko erakundeen arabera, 750.000 eta bi milioi artean dira Libian Europara sartzeko zain dauden paperik gabeko etorkinak. Horietako gehienak Saharaz hegoaldeko herrialdeetakoak dira, eta 1.000 eta 3.000 euro artean ordaindu dituzte Libiara iristeko soilik. Libiatik Europarako bidaia ere ez da doan: Kanarietara joan nahi badute 1.000 eta 1.500 euro artean ordaindu beharko dituzte; Maroko iparraldetik Espainiara sartzeko, berriz, 1.000 euro inguru; eta Libiatik Italiara joateko, berriz, 1.500 eta 2.000 euro artean. Familia osoaren bizi guztiko irabaziak dira gehienentzat.
Infernutik ihesi
Nigeria eta Somaliakoak ziren iaz Italiara joandako etorkin gehienak. Baina baziren Tunez, Mendebaldeko Sahara, Mauritania eta Sierra Leonakoak ere tartean. Gehienek bigarren edo hirugarrenez egiten zuten ahalegina, eta askok bidelagunak galdu zituzten bidean. Musa Korosak 23 urte ditu, eta 2007an ahalegindu zen lehen aldiz Italiara iristen. 351 lagun zihoazen ontzian motorra matxuratu eta noraezean geratu zirenean. «Zortzi egun egin genituen janari eta edaririk gabe. 135 lagun baino gehiago, haurdun zeuden emakumeak eta haurrak tartean, hil egin ziren». Beste batzuk ez dira itsasora ere heltzen. «Hiru lagun nituen. Haietako bi hilik daude. Hiltzen ikusi nituen. Gorpu asko ikusi nituen Saharako basamortuan. Gehiago ezin dutenean utzi egiten dituzte. Zer egin zenezake? Ezer ere ez», aitortu dio 25 urteko nigeriarrak BBC kateari.
Garai batean Espainiara, eta batez ere Kanaria uharteetara, iristen ziren etorkin gehienak. Mauritaniatik eta Marokotik irteten ziren. Atzo bertan 151 atzeman zituzten El Hierro uhartetik gertu. Europako Batasunak, ordea, ateak itxi ditu, eta giltzaz itxi, gainera. Batetik, patruilak ezarri ditu Kanariak eta Mauritania arteko kostaldean, eta, hori nahikoa ez, zorroztu paperik gabekoen aurkako neurriak. Italiak, ordea, ez ditu patruilak lanean jarriko maiatzaren erdira arte. Hori dela eta, datozen egunetan gehiago izango dira, etsipenak bultzatuta, Europako murruak gainditzen saiatuko direnak. «Mediterraneoko kontrabando garaiaren hasiera da hau», dio NBEko eledun Ron Redmondek.
Giza trafikoa
Irabaziak. Trafikatzaileek 1.000 eta 4.000 euro artean irabazten dituzte etorkinak Afrikatik Europara sartzearen truke. Prezioa nabarmen garestiagoa da hegazkinez joan nahi bada: 9.000 eta 16.000 euro artean.
Jatorria. Europan Italiatik sartzen saiatzen direnen artean, Tunez, Nigeria eta Somaliakoak dira gehienak. Aldiz, Espainiatik sartzen ahalegintzen direnetatik gehienak Saharaz hegoaldeko herrialdeetakoak dira, Sierra Leona eta Ghanakoak, kasu.
Europa. Garapenerako eta Elkarlan Ekonomikorako Erakundearen arabera, 2007an paperik gabeko 4,6 milioi etorkin zeuden Europan. Migrazioen Politikarako Institutuaren ustez, aldiz, zazpi eta zortzi milioi artean ziren.
(Puede haber caducado)