Egiptoko ijitoen musika Bilbon

Bilbo Ars Sacrum jaia hasiko da gaur, eta munduko doinu sakratuak eskainiko ditu apirilaren 8ra arte

Berria, , 31-03-2009

Erredakzioa.

Nilo Garaiko musikarekin hasiko da gaur Bilbo Ars Sacrum jaialdia. Apirilaren 8ra arte, munduko hainbat tradizio erlijiosotako doinuak entzun ahalko dira Bizkaiko hiriburuan: Libanoko kantu maronitak eta Korsikako polifoniak, besteak beste>.

World Music deiturikoa sortu aurretik, munduko musika zirkuituan lekua hartzea lortu zuten Niloko Musikariek. Lehen WOMAD jaialdian hartu zuten parte, 1983. urtean, eta, besteak beste, Peter Gabrielekin grabatu dute (Passion diskoa). Sudan eta Egiptoko tradizioak ijitoen ikuspegitik jasotzen dituzte musikariok, eta mundu osoan aritu dira jotzen azken 20 urteotan.

Asteazkenean, kristau ortodoxoak diren herrialdeetako doinuak aurkeztuko ditu Bulgariako Irfan taldeak. Hurrengo egunean, Johann Sebastian Bachen Pasioa Mateoren arabera taularatuko dute Das Neue Orchesterrek eta Chorus Musicus Koeln abesbatzak (Alemania). Beste emanaldiak ez bezala, Bachen lana Arriaga antzokian egingo dute.

Larunbatean, Pakistango sufien musika mistikoaren eta AEBetako gospela nahasten dituen Qawwali/Gospel egitasmoa entzuteko aukera egongo da. Faiz Ali Faiz abeslaria eta Craig Adams piano jotzailea arituko dira euren ahots taldeekin.

BILBO ARS SACRUM

Niloko Musikariak. Gaur, 20:00etan, Arte Sakratuaren Museoan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)