Joan-etorriko bidaia tragikoa islatzen du 'Retorno a Hansala' filmak
Europara txalupaz etorri nahi izan zuten hainbat etorkin hilen benetako istorioan oinarritu da Chus Gutierrez
Berria, , 27-03-2009X.M.
Dokumentala eta road movie-a nahastuz eraiki du Chus Gutierrez espainiarrak Retorno a Hansala. Espainiako kostaldera iritsi nahian itota hil ziren hainbat etorkinaren istorioa dago Gutierrezen gidoiaren atzean. Egunkari batean irakurritako berri batek hauspotu zuen zuzendaria gidoia idazten hasteko. Cadizko hilbeila bateko jabeak hainbat hildakoren senitartekoekin hitz egiteko Marokora bidaiatzea erabaki zuela jakin zuen Gutierrezek. Hildako baten gorpua eta besteen arropak Marokora eramatea zuen xede, betiere senitartekoek haiek ikus zitzaten.
Martin Zamoraren istorioa da Retorno a Hansala-ren oinarria. Jose Luis Garcia aktoreak jokatzen duen pertsonaia nagusiaren alboan, Farah Hamed aktoreak jokatzen duen rola azaltzen da. Gibraltarko itsasartean anaia galdu duen emakumea, Leila, Martin Zamoraren itzal bihurtuko da Hansalarako bidaia esanguratsuan.
Bi kulturen arteko harremanak
«Euren gizatasunaz ohartuko dira bi pertsonaiak elkarren ondoan egonda», dio Chus Gutierrez zuzendariak. Bi pertsonaia horien harremana bi kulturen arteko harremanaren metafora gisa baliatu nahi izan du egileak. «Musulmanen kultura eta ekialdekoen kultura ordezkatzen dituzte: hasieran, mesfidantza nagusitzen da, baina gero, harreman on bat lortuko dute elkarren artean».
Marokoko Hansalan filmatu zuten denbora tarte batean, eta, zuzendariak dioenez, harriturik geratu ziren ikusitakoarekin. Hansalak hamahiru gazte galdu ditu itsasoan dagoeneko, baina oroitzapen goibelen gainetik, hansalatarrek beraien errealitatea ezagutzera eman nahi zuten.
‘RETORNO A HANSALA’
Zuzendaria: Chus Gutierrez.
Aktoreak: Jose Luis Garcia, Farah Hamed.
Herrialdea: Espainia (2009).
Iraupena: 95 minutu.
(Puede haber caducado)