Etorkin adingabeak artatzeko sareak 806 eskari jaso ditu
Iazko datuen arabera, helduen babesik gabe heldu diren adingabe atzerritarren eskariak 167 gehiago izan dira 2007an baino Instituzioen aldetik beharrei erantzuteko borondate «hobea» eskatzen dute eragileek
Berria, , 26-03-2009Hego Euskal Herriko gizarte zerbitzuek 806 eskaera jaso zituzten 2008an seniderik gabeko atzerritar adingabeen partetik. Eskaera gehien jaso zuen probintzia Bizkaia izan zen: 440 eskaera. Gipuzkoan 225 eskaera izan ziren eta Araban 141. Nafarroak ez zuen eskaririk izan. Eskaera kopuru horiek instituzioek eman arren ez dute zehatz adierazten adingabeen kopurua, urte berean probintzia ezberdinetako zerbitzuetara jo baitezakete. Dena den, 2007. urtearen aldean 167 eskaera gehiago izan dira, eta, hein batean, igoera horrek jarri du egungo babes sistema ezbaian.
2008ko eskaerak igo egin ziren 2007an izandakoekin alderatuta. Hori da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek eman duten arrazoietako bat, zerbitzu horietan gertatu izan diren arazo larriak azaltzeko. Zenbat etorkin adingabe dagoen ezin da zehaztu, eta horiek hartzeko zerbitzua egokitzea ezinezkoa zaiela diote. Une batzuetan haurren kopuruak gaina hartzen diela, alegia. Hori dela eta, aldundiek Espainiako Gobernura jo dute adingabeen mugimendua neur dezan eskatzeko.
Adingabe atzerritarren gaia lantzen duten eragileek «borondate falta» leporatzen diete aldundiei. Funtsean ideiak nahastuta daudela deritzote, bertako adingabeen tratu bera izan beharko lukete eta, bereizketarik gabe. Azpiegiturari dagokionez, zentro batzuetan lan ona egiten dela gogoratu arren, oro har baliabide eskasak daudela uste dute. Gauzak gertatu ahala konpontzen saiatzen direla nabarmendu dute, eta heldu berri diren adingabeei arreta emateko zentroen eredua kritikatu dute. «Espezializatutako gune handiek, non gordeta dauden adingabe batzuk 18 urte bete arte, babes politika eskasak erakusten dituzte», dio Diego Jauregi SOS Arrazakeria Bizkaiko kidea.
Pribatizazioen arriskua
Adingabeez arduratzen diren zerbitzuak elkarte pribatuen esku uzteak zerbitzua hobetzen mesede gutxi egiten duela deritzote elkarteek. Hezitzaileen lana funtsezkoa dela azpimarratu dute eragile guztiek, baina horien lan baldintzak kolokan egon daitezke enpresa pribatuen menpe egonez gero, eta adingabeengan eragina izan dezake horrek.
Zentro hartzaileetan hezkuntza proiektuak abian jartzen dira adingabeen artean hizkuntzak, kirol ekintzak…, eta egoera arautzeko behar duten dokumentazioa ere tramitatzen da. Adingabeen eskubidea den arren, zentro batzuetan dokumentazioa adingabeen jarrera saritzeko edo zigortzeko erabiltzen dela salatu du SOS Arrazakeriak.
Dena den, ez da bertan bukatzen adingabeen babes sarea. Emantzipazio pisuak ere Aldundiaren menpe daude, eta bertan beren kabuz baliatzeko behar dutena ikasten dute adingabeek. Arartekoak pisu horietako askoren baldintza onak azpimarratu izan ditu. Horren harira aldundiek kritikatu dute gai horren inguruan ateratzen diren albiste guztiak ezkorrak izatea. «Ohikoena da lan txukuna egitea, baina horretaz ez du inork hitz egiten», esan du Arabako Aldundiko iturri batek.
Ordea, SOS Arrazakeriak salatu du adingabe guztientzako nahiko baliabide ez dagoela nerabeen eskubidea den arren.
Nafarroa, egoera ezberdina
Iaz adingaberik heldu ez zela islatzen da Nafarroako Arartekoak gai horren inguruan egindako txostenean. Hala, 2008an 17 etorkin adingabe izan ziren Nafarroako Gobernuko zerbitzuetan, eta horietatik hamar 2007an heldu ziren Kanarietako Gobernuarekin hitzarmena sinatu ostean. Hitzarmen horren ondorioak hain izan dira onak, ezen Gobernua hitzarmena berritzearen alde agertu den.
Adingabeen eskubideetako batzuk
Gizarte zerbitzua jasotzeko eskubidea.
Hezkuntza eskubidea.
Osasunaren zaintza eta babeserako eskubidea.
Nortasuna eta herritartasuna mantentzeko eskubidea.
Beren iritzia entzuna izateko eskubidea.
Berengan eragina duten eskubideen eta egoeren informazioa jasotzeko eskubidea.
Kalte egin diezaiekeen edozein ekintzaz edo ekintza ezaz babestuak izateko eskubidea.
Estatuan bizitzeko dokumentazioa izateko eskubidea.
Berengan eragina duten neurriek izaera hezitzailea izateko eskubidea.
Legeriaren adibideak
Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Hitzarmena (1966). «Haur guztiek adingabe izaerak eskatzen duen babesa jasotzeko eskubidea dute familiaren, gizartearen eta Estatuaren partetik, kontuan hartu gabe arraza, kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, herritartasuna edo egoera ekonomikoa».
Haurraren Eskubideen Konbentzioa, Nazio Batuek onartua. «Haurraren onura izango da kontuan hartuko den lehen alorra haurrei dagozkien erabaki guztietan, gizarte ongizateko instituzio publiko zein pribatuetan, epaitegi, administrazio agintaritza edo organo legegileetan».
Espainiako Konstituzioa, 39.4. «Haurren eskubideak zaintzen dituzten nazioarteko akordioek jasotzen duten babesa izango dute haurrek».
(Puede haber caducado)