Bira
Larruan
Berria, , 17-03-2009Parisera gindoazela, TGVan hiru polizia gizon sartu ziren, hortzetaraino armatuak. Ahots gogorrez paperak eskatu zizkiguten. Nonbaitik ere nortasun agiririk ez nuen, irakurtzeko poesiak eta korrika egiteko zapatak derrigor hartu beharrez, txartela berdea etxean ahantzi nuelako. Ordu laurden txarra iragan nuen antillar jatorrizko orden zaintzailearekin negoziatzen, eta eskerrak hura nuela enpatia urrikalkorrez solaskide, ezen atzeko zuria izan balitz suerte izpirik ez neukan: aldion paso, baina badakizu eskubidea dudala zure atxilotzeko lau orenez Bordeleko komisaldegian.
Bat-batean froga ez nezakeen identitate uherrekoa nintzela argi zitzaidan. Parisera heltzearekin kontrolak ugariagoak ziren. Montparnasse geltokian metrailetak eskuan barranda zebiltzan soldaduetarik urrun eta metroan, murru likitsak arrasatuz ibiltzen nintzen, tatxadun eta bekatoros. Ulertzen nuen paper gabeen beldurra, Mabeka, Juan edo Pham Tamek bezain ongi. Hargatik europarra izateak salbatzen ninduen naski. Alain Bashung zendu berriaren azken abestia zerabilkidan buruan Résidents résidents de la république, omenaldi eta errealitate.
Bordelen, ustezko bi klandestino jaits arazi zituzten trenetik.
(Puede haber caducado)