SOS Arrazakeriak aldi baterako zentroa eskatu du etorkinentzat Araban

Atzerritarren Legea aldatzeko asmoarekin Espainiako Gobernuak eskubideak mugatuko dituela salatu du

Berria, , 11-03-2009

Jon Rejado.
Gasteiz

  • Zenbakia

Babesgabetasun egoeran Gasteizera heltzen diren etorkinak aldi batez hartu ahal izateko, zentro bat eskatu die Arabako SOS Arrazakeriak instituzioei. Gaur egun, modu horretako azpiegitura baten beharra dagoela nabarmendu zuen Fede Garcia Arabako SOS Arrazakeriako eledunak, atzo emandako prentsaurrekoan. Bilboko adibidea jarri zuen Garciak, han neguko hilabeteetan aterpeak irekitzen baitituzte behar egoeran dauden pertsonentzat. «Gasteizera heltzen diren hainbat etorkinek ez dute non lo egin ez non bazkaldu, eta zentro horrekin arazoaren hein handi bat bideratuko litzateke».

Horrez gain, etorkinak erroldatzeko kanpaina dela-eta Gasteizko Udalaren laguntza eskatu du elkarteak. Duela sei urtetik lan hori egiten ari direla gogorarazi du, eta taldeak egiten dituen errolda horietako batzuk aintzat hartzen dituela Udalak. Hori ikusirik, instituzioei zein bestelako elkarteei Errolda Solidarioan parte hartzeko eskatu die. «Badirudi guk lan hori egiten dugunez ez dutela ezer egin behar».

Errolda Solidarioa gizabanakoek zein elkarteek egin dezaketen errolda da, behar egoeran dauden pertsonek araututako egoeran edo arautu gabekoan daudenek oinarrizko eskubideak izan ditzaten; osasun txartela kasu. Egoera hori aldatu egin daiteke Espainiako Gobernuak Atzerritarren Legea aldatzen badu. Aldaketa horrek alor askotan eragin dezake, eta atzerritarren hainbat eskubide mugatuko dituela salatu du Garciak. «Egoera berrietara egokitu nahi dute Legea: familia asko biltzen badira, hori mugatuko dute, zigorrak areagotu…».

Sei urte kalean

Egungo testuinguruaren azterketarekin batera, duela sei urtetik elkarteak bizi duen egoera salatu du Garciak. 2003ko martxoaren 11n Zapatagile kaleko bulegoa hondatu egin zitzaien, tutu bat hautsi eta uholdeak izan zituztenean. Egoera errepikatu egin zen 2004ko ekainaren 21ean eta 2005eko ekainaren 1ean.

Gasteizko Udalak eta Amvisak (Gasteizko Udal Urak) ez dute aintzat hartu gertaera, eta ez dute kalte-ordainik eman. Egoera epaitegietan argitzeko ahalegina hutsetik hasi behar izan dute, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi baitie hasiera batean hartutako bidea ez zela egokia. Arazoak arazo, behar duenari laguntza emateko konpromisoari eusten diotela berretsi du Garciak.

Zenbakia

15.608

Azken sei urtean elkarteak hartu dituen kontsultak. 2003ko apiriletik, bulegoak uholde batean galdu eta kalean lan egiten dutenetik, 15.608 pertsonen kontsultak erantzun ditu, eta 3.124 espediente ireki.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)