Zuzendariari

Pobrezia zigortu

Berria, , 11-03-2009

Pobrezia hortxe dago, baina ez dugu ikusi nahi, telebistako programa batzuetan ez bada. Badirudi pobrezia gogaikarria dela, ezkutatzen bada ere.

Donostiako Udaltzaingoak, Ertzaintzak eta Renfeko segurtasuneko kide batzuek joan den astean egunez egun egindako erasoak salatu nahi ditugu. Erasoen jasaileak, Donostiako orube batean hilabete batzuk ezkero bizi diren dozena bat lagun. Erasoen lorpena, haiek gaua pasatzeko egindako jaima eskasa desegin, haien etxetresnak sakabanatu, eta, bereziki, haiek ikaratu, handik alde egin dezaten. Baina nora joan? Ez dute inongo aterperik. Badira formazio jardueretan parte hartzen dutenak, lana inoiz bilatzeko esperantzarekin, eta badira nola hala bizirauten dutenak. Batzuk eta besteak, inori kalte egin gabe, orube hartan bizitzen saiatzen ziren.

Asteburu honetan polizien razzia-k lortutakoa geure begiz ikusi ahal izan dugu: estalpe gisa erabiltzen zuten delako jaima desegina, zeuden arropetatik asko urez eta lokatzez betetako putzu batean botata, eta bizilagunetako hainbat ubelduraz beteak, aurpegian eta soinean. Jakina, paperik ez dutenez, ezin dute protestarik egin, erasotzaileen lasaitasunerako.

Horrela jokatzen al dute erakunde publikoek pobrezian eta eta bazterturik bizi direnekin? Pertsona horiek une honetan gizarteak baztertu baditu ere, tratu duina izan behar dute, eta erakunde publikoen obligazioa da haien eskubideak beti errespetatzea. Haiekin harremanak izateko sortu ziren gizarte zerbitzuak, ez polizia. Donostiako Udalaren erantzukizuna eskatzen dugu.

Pello M. Aierbe.
Gipuzkoako SOS Arrazakeriako kidea.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)