Leihatila Cristina Berlanga
Ehizaldia
Berria, , 04-03-2009Itzuli dira urak beren bidera, komunikabideei dagokienez, egoera araugabean dauden immigranteen atxiloketa kopuru andanak zalaparta itxuratia sorrarazi baitu, oraindik orain, nola politikan hala kazetaritzan. Baina atzerriko pertsona dezente dauden auzo eta tokietatik itzuli bat egitea besterik ez dago jazarpenak bere hartan dirauela egiaztatzeko, eta ohartzeko egiturazkoa dela kontua, Atzerritarren Legea bidegabeki interpretatzearen ondorioz polizia etxeetan dabilen barne zirkular huts bat baino areago.
Harritzekoa da, ordea, immigrazioa kriminalizatzen gehien ahalegintzen diren horiexek eraiki izana erbi halakoa, komunikabideek eta poliziak. Ez dakit zein arrazoik akuilaturik salatu duten orain egoera hau, hain berria ere ez zaiguna salatzaileak nortzuk diren jakinda, zalantzagarria da haien zintzotasuna. Aitzitik, duela urte batzuetatik gizarte erakundeek Euskal Herrian ere salatu izan dituzte halako sarekada samaldakakoak, eta nortasun kontrol gehiegizkoak, inolako bereizkuntzarik gabe egindakoak.
Bilboko San Frantzisko auzoan etengabe pairatu behar izaten dituzte halakoak. Auzo horixe izango da, ziur aski, poliziarik gehien biltzen dituenetarikoa, polizia mota orok baitu han gizarte ordezkaritza uniformedun bat. Eta polizia horiek guztiek atzerritarrei dagokienez inolako eskumenik gabeak, batzuk beren zeregintzat hartu dute auzoko milaka bizilagunen eguneroko bizimodua kontrolatzea eta eragoztea. Saltokietan, tabernetan eta kalean egin ohi dituzten sarekadak dira, aldian-aldian, auzotarren bizimoduaren osagai.
Hainbat gizarte taldek salatu izan dute, esaterako, atxilotzeak ikastetxe atarietan egin izan dituztela zenbait tokitan, eta, beraz, uste izatekoa dela guraso askok aurrerantzean ez eramatea seme-alabak eskolara. Espainiako ministroak, laster askorik, Poliziako eta Guardia Zibileko zuzendari nagusiei agindu die dagozkion jarraibideak eman diezaizkiotela Polizia Nazionalari, «argi gera dadin poliziaren jardun eremua, Atzerritarren Legea aplikatzeko orduan». Lege hori aplikatzerakoan, «polizia unitate bakoitzak helburu kualitatiboak bakarrik ezarriko ditu bere jarduera planetan, eta toki eta garai jakin batzuetan gertatzen diren delinkuentzia arazoez arduratu beharko dute lehen-lehenik».
Aitortzen dut nekez uler dezakedala poliziaren hizkera, baina kontu hori «argitu» eta gero, honako hau bakarrik dago argi: oraindik ere lehenean gaudela, eta zabalik dirauela immigranteen debekualdiak. Ez da ulertzekoa, inolaz ere, polizia esparru bat behar izatea lege batek atzerritarren eskubideei eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzkoak, aplikatu ahal izateko; ez eta lege horrek zerikusirik izatea ere «delinkuentzia arazoarekin».
Ez da ulertzekoa, orobat, pertsonen atxiloketak hain aise onartzea, kanporatzea ekar liezaiekeen edo ekar ez liezaiekeen prozesu bat hasi ere baino lehen. Eta ez da ulertzekoa gure auzoetan oinarrizko eskubideak urratzea eta sarekada samaldakakoak egitea, inolako bereizkuntzarik gabe.
(Puede haber caducado)