Andreengan eragina duen krisia egiturazkoa dela salatu du ELAk

Krisia emakumeen ohiko diskriminazioari gehitzen zaiola diote sindikatuek, Emakumeen Nazioarteko Egunari begira Sektore publikoaren eta andrazko etorkinen egoerak okerrera egin duela dio CCOOk

Berria, Maite Asensio. , 05-03-2009

Egungo finantza eta ekonomia krisiak andreengan duen eragina nabarmentzen ari dira sindikatuak, martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunari begira. Baina CCOOk eta ELAk atzo Bilbon eta Donostian azaldu zutenez, lan merkatuan andreek pairatu ohi duten diskriminazioari gehitu zaio krisi hori. «Emakumeok urte asko daramatzagu krisian, eta krisi hori egiturazkoa da», adierazi zuen ELAren Genero Berdintasunerako arloko arduradun Alazne Alonsok. Hartara, krisiaren aitzakian emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politiketan atzerapausoak ematea «onartezina» izango litzatekeela berretsi zuen CCOOko emakume eta gizarte gaien arduradun Feli Piedrak.

Emakumeen soldatak gizonezkoenak baino txikiagoak dira oraindik ere, batez beste %28 txikiagoak CCOOren arabera, eta %21 ELAren arabera. Lan baldintzekin lotuta dago datu hori; izan ere, ordaindutako lanetan diharduten andreen %85k zerbitzuen sektorean egiten dute lan, hau da, «baldintza eskasenak eta prekarietate handiena» dituzten lanbideetan. «Emakume askorentzat mila euro kobratzea utopia bat da», esan du Alazne Alonsok.

Eta langabezia ere, nabarmen handiagoa da emakumeen artean, eta handitzen ari da oraindik ere; Euskal Autonomia Erkidegoan, emakumeen langabezia tasa gizonena baino %1,6 handiagoa da. Datuotan krisiaren itzala nabari dela azaldu du Feli Piedrak: «Hasieran krisiak eraikuntzan eta industrian jo zuen, tradizioz gizonenak diren arloetan. Baina azken hilabeteotan zerbitzuetara heldu da». Horren seinale, langabeziari buruzko otsaileko datuak: Hego Euskal Herrian, 78.422 andre zeuden lanik gabe, eta 74.610 gizon.«Haurdun geratzeagatik andreak kaleratzen hasi dira enpresaburu batzuk», ohartarazi du Piedrak; auzi horiek epaitegietan konpondu diren arren, joera arriskutsua dela nabarmendu du.

Halaber, lan baldintzen termometroa izan ohi diren kontratu moten inguruko balantzak ere ez du emakumeen alde jotzen. CCOOren arabera, EAEn lanaldi erdian lan egiten duten pertsonen %85 emakumezkoak dira. ELAk, gainera, kontratu mota hori «inposaketa» bat dela esan du: «Hori da eskaintzen dieten bakarra». Era berean, andreen ia %30ek ordezkapen kontratua dutela salatu du ELAk: «Aldi baterako kontratuek ez bezala, ordezkapenek ez dute lan egindako urte bakoitzeko zortzi eguneko kalte-ordainik», esan du Alonsok.

Horrez gain, sektore publikoan diharduten emakumeen lan baldintzek okerrera jo dutela nabarmendu du CCOOk. Kontratu mugagabeek behera egin dutela, eta, beraz, aldi baterakoak areagotu direla salatu du sindikatuak. Zehazki, 2008aren amaieran, %46koa zen EAEko administrazio publikoetako kontratuen behin-behinekotasuna; urtean zehar, 5,8 puntu igo zen portzentaje hori.

Etorkinek, arazo bikoitza

Andrazkoa izate hutsagatiko diskriminazioari, etorkin izateagatiko bazterketa ere gehitzen zaie emakume etorkinei. Hala, krisia eragin handia izaten ari da talde horretan, CCOOeko Feli Piedrak azaldu duenez: «Paperik ez badute, oso baldintza prekarioetan egiten dute lan, kontraturik gabe». Hala, errazagoa da horiek kaleratzea, eta andreek ez dute kalte-ordainik jasotzen. Halaber, Piedrak gogoratu du etxeko lanen esparruan dihardutela emakume etorkin gehienek, eta arlo horren gaineko araudirik ia ez dagoela.

Hala, emakume guztiek kalitateko enplegua izateko, eta enpresetatik jokabide sexistak desagerrarazteko, berdintasun neurriak eta planak sustatu behar direla, oraindik ere, nabarmendu du CCOOk. ELAk ere ez etsitzeko eskatu die emakumeei, baina gogor mintzatu da patronalaren eta administrazio publikoen aurka. Enpresak etekinaz baino ez direla arduratzen adierazi du, eta jokabide horretan gobernuen oniritzia dutela gaineratu du.

Ildo horretan, gastu soziala areagotzeko eskatu die ELAk administrazioei, «enplegua sortzen dutelako, eta emakumeek euren gain hartutako ardurak eta lanak zerbitzu publikoen bidez estaltzen direlako». Beste sindikatuek ere hainbat neurri eskatu dituzte. LABek emakumeek sindikalgintzan hartu beharreko indarra nabarmendu du. ESK eta EILASek gaur plazaratuko dute haien hausnarketa.

Emakunderi kritika

Emakumeen Egunaren harira Emakundek abiatu duen kanpainaz ere mintzatu da ELA. Emakumeak greban leloaren bidez, galdera bat plazaratu nahi izan du Emakundek: zer gertatuko litzateke andreek etxeko eta zaintza lanetan greba egingo balute? Mezuarekin ados agertu da ELA, «batez ere emakumeen esku dauden zaintza eta etxeko lanak aintzat hartu behar direlako».

Baina ELAren ustez, planteamendu hori ez dator bat Emakunderen jarrerarekin: «Zer gertatzen da emakumeek lan baldintza duinen alde greba egiten dutenean? Emakundek ez du ezer egiten, ez da haiengatik kezkatzen». Patronal publikoei zein pribatuei aurre egiteari uko egin dio Emakundek, Alazne Alonsoren hitzetan, «instituzio publikoek bultzatzen dutelako emakumeen lan eta gizarte baldintzak okertzea».

Datu positiboak

1.300

Emakume landun berriak. CCOO sindikatuaren arabera, 2008an 1.300 emakumek aurkitu zuten lana lehenengo aldiz EAEn. Halaber, zerbitzuen sektorera 4.400 andre sartu zirela jakinarazi du.

3.000

Andre gehiago zuzendaritzetan. Emakumeen inguruan dauden estereotipoak pixkanaka hausten ari direla uste du CCOOk. Horren seinale da iaz EAEko enpresetako zuzendaritza taldeetan sartutako andre kopurua: 3.000.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)