Atzerritarrei haurrak D ereduan matrikulatzeko eskatu die NIZEk

D ereduaren helburuari, euskaratzeari, eusteko eskatu diote eskoletako zuzendariek Perez-Nievasi

Berria, , 04-03-2009

Naiara Elola.
Iruñea

Datozen egunetan ekingo diete Nafarroako ikastetxe publikoek aurrematrikulazio kanpainari. Zehazki, datorren martxoaren 9tik 16ra bitarte egongo da irekita. NIZE Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendarien Elkarteak atzerritik Nafarroara etortzen direnei beren haurrak D ereduan matrikulatzeko gonbita egin diete.

Iñaki Anduezak, NIZEko zuzendariak, D eredua eskaintzen duten ikastetxeen kalitatea azpimarratu du: «Hezkuntza publikoa izanik, irakaskuntza prozesuko sektoreen kudeaketa guztiz demokratikoa da». Hala, D eredua duten ikastetxe publikoek era guztietako herritarrak hartzen dituzte: «Nafarroako benetako errealitate soziolinguistikoan parte hartu nahi dutenek, etxetik hurbilen duten ikastetxe publikoan matrikula daitezke».

Horrez gain, D ereduaren ezaugarriak azaldu ditu Anduezak. Haren aburuz, D eredua «euskaran murgiltzeko prozesuan oinarritzen da». NIZEko kide diren 57 ikastetxe publikoek Nafarroako bi hizkuntza ofizialetan hizkuntza garapena izateko heziketa eskaintzen dute, baita atzerriko hizkuntzetan ere, ingelesa edo frantsesa esaterako. Halaber, Anduezak hainbat zehaztapen egin ditu: «Euskarazko hezkuntza prozesu osoak hizkuntza hori du oinarrizko kultura erreferentziatzat». Printzipio horretan oinarritzen da D eredua: «Besteak beste, historiak, ohiturak eta folkloreak ematen dute nortasun propioa, betiere, gure gizartean elkarrekin bizitzen diren kulturak errespetatuta».

Joan den astean, 2009-2010 ikasturterako TIL eredua Hizkuntzen Tratamendu Integratua eskola publikoetan ezartzeko asmoa agertu zuen Carlos Perez-Nievasek, Nafarroako Hezkuntza kontseilariak. Egitasmo horrekin ingelesaren alde egin nahi du Nafarroako Gobernuak, hizkuntza horretan egiten diren eskola orduak gehituz eta, horretarako, euskarari eta gaztelaniari ematen zaizkionak gutxituz. Anduezaren iduriko, «D eredua duten eskolak dira eleaniztasunaren adierazgarri». Perez-Nievasek aurkeztutako planarekin ados daude NIZEko kideak, baldin eta D ereduaren helburua errespetatzen badute: euskaratzea, alegia.

Plan berria martxan jartzeko malgutasuna eskatu du, hala ere, Anduezak, eta Administrazioak hezkuntzaren arloan hartutako erabakien berri komunikabideen bitartez izan dutela salatu du: «Hezkuntza Sailarekin izandako hiru edo lau bilerak NIZEren ekimenen fruitu izan dira». Komunikazioa hobetzeko eskatu diote Nafarroako Hezkuntza Departamenduari.

Euskarazko orduak gutxitzearen kontrako protestara deitu dute

Datorren ostiraleko manifestaziora deitu dute Ikasle Abertzaleek eta eta Administrazioan Euskaraz Taldeak. Eskolak Euskaldundu ekimenak antolatu du protesta, 18:00etan, D ereduak «beste eraso gogor bat» jaso duela salatzeko. Adierazi dutenez, «euskarazko orduak murriztu egingo dira ingelesezko gehiago jartzeko, eta ikasle euskaldunak sortzea oztopatuko dute».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)