Istanbulen, Turkian, dago ijito kokalekurik zaharrena, XI. mendean iritsi zirenetik, ijito dinastia berberak bizi dira Sulukulen; orain, ordea, handik alde egitera behartu nahi dituzte, auzoa berritzeko aitzakian.
Sulukuleren azken egunak
Berria, , 25-02-2009Joan Alvado.
Istanbul
Istanbul erdigunean, Fatih barrutian, oraindik zutik diraute garai bateko harresi bizantziarraren zati askok, eta haiexek ditu albo banatan Sulukule auzoak, ijito kokalekurik antzinakoenak. Kontatzen dutenez, XI. mendearen erdialdean etorri ziren Turkiara lehenbiziko ijito nomadak, Mehmed konkistatzaileak, otomandarren armadako buru zelarik, Konstantinopla indarrez hartu baino ere lehenago. Ordutik, ijito dinastia berberak bizi dira toki horretan, familia bakarreko etxe xumeetan, Otomandarren Inperioaren garaian eraikitakoetan.
Talde bizimodua egiten dute Sulukulen. Auzokoek elkar ezagutzen dute, etxe atarietan eserita berriketan aritzen dira, eta dena partekatzen dute. Noizean behin, merkatariren bat ibili ohi da kalean gora kalean behera, mandoek tiraturiko gurdi bat salgaiz zamatzen. Galtzadan aske ibili ohi dira oilarrak edo oilaskoak. Herri bizimodua egiten dute, kale gorrian.
Musika tradizio nabarmena du ezaugarri, gainera, auzoak: Sulukule erreferentzia gune izan da mundu osoan, hantxe hazi eta hezitakoak izaki hainbat ijito musikari eta dantzari; auzoko askok ere musika dute bizibide.
Alabaina, 2005ean, Fatiheko eta Istanbulgo udalerriek hiri berrikuntzarako gune izendatu zuten, duela urte batzutatik handia baita hango degradazio maila: pobrezia, drogak, prostituzioa… Hala, auzoko bizi-baldintzak osasungaitzak zirela eta, ingurune hartako hirigintza berritzeko premia zegoela argudiatu zuten agintariek, tokia onbideratu ahal izateko modu bakar gisa. Eraberritze horrek berekin dakartza, besteak beste, 620 etxe eraikitzea, berdegune bat sortzea, merkataritza gune bat eratzea, lurpeko aparkaleku bat egitea… herritarrentzako ohiko altzariak berritzea; jatorrizko 45 etxe bakarrik errespetatu dituzte plan horretan, historia interesekotzat jo baitituzte. Gainerako auzokideei aukera bakarra eman diete, urteetan bizileku izandakoak saltzea eta beste norabait alde egitea.
Erasandakoei aukera eman diete Tasoluken bizitzen jartzeko: aldirietan dago Tasoluk, Istanbulgo erdigunetik 30 kilometrora, inolako garraio publikorik heltzen ez den tokian. Han, aukera izango dute etxebizitza erosteko, epeka, egun ordaintzen ari diren alokairuen halako hiru edo bost ordainduta. Udalerriak metro koadroko prezio bat eskaini die auzoko etxejabeei: 500 lira turkiar inguru (300 euro). Uste izatekoa da, aldiz, berriro eraiki eta gero, bost bider gehiago ere balioko duela Sulukuleko lurzoruak.
Familia askok, ordea, nekez ordaindu ahalko dituzte etxebizitza berriak, haien soldata ez baita 500 lira turkiar baino askoz handiagoa. Asko, gainera, txatar-biltzaileak dira, eta Tasoluken ezingo dira lanbide horretan aritu. Ordaindu ezinik ibiliko dira, halaber, gauero Sulukuletik Beyoglura joan ohi diren dozenaka musikariak: Beyoglu da Istanbulgo barrutirik europartuena.
Auzoa burgesen alderdi bihurtzeko proiektu horrekin bat ez datozenak, berriz, Sulukuleren Aldeko Plataformaren inguruan biltzen dira; hainbat ekintzailek eta auzokok osatutako multzoa da, eta, haien jardunari esker, Unescok berak gaitzetsi egin du udalerriaren hirigintza plana. Iaz haren ordezko plana aurkeztu zuen Plataformak, egun auzoan bizi direnei berriro ere ostatu emateko ahalbidea jasotzen duena. Proposamena Udaleko osoko bilkuran eztabaidatu zuten, eta azkenean ezetsi egin zuten. Nonbait, epaiaren zain zegoen Sulukuleren zoria.
Kanporatzeko mehatxuak
2007ko otsailean sartu ziren lehenbiziko hondeamakinak auzoan, eta, ordudanik, sistematikoki eta ziztu bizian eraitsi dituzte etxeak. Kalkuluen arabera, 2007an 100 familia inguru 3.500 bizilagun bizi ziren auzoan, eta haietatik 70 bat izango dira egun erroldatuta dauzkatenak, eta gehienei kanporatzeko mehatxua egina diete, ura eta argindarra kenduta. Bizilagunentzat ohiko ikuskizuna da buldozerrak gora eta behera ibiltzea. Antzinako etxerik gehienenak egin du dagoeneko, eta zenbait kale oso-osorik suntsitu dituzte.
Hala eta guztiz ere, bizi-bizi doaz egunak; izan ere, hirigintza bulegoetan zirriborraturiko edozein plano, mapa eta aurreikuspen gainditu ohi du errealitateak. Auzotar batzuek Tasolukera alde egin dute, baina beste asko han daude oraindik. Hondakinez mukuru daude kale bazterrik gehienak, eta haietan barrena dabiltza hainbat familia, antzinako etxeetatik zer aterako, gero pisura birsaltzeko asmoz. Auzotarren seme-alabak, eskolatu gabekoak asko, txatar bila aritzen dira gurasoekin. Etxeak utzarazi dizkieten familietako batzuk auzoan geratu dira, alde egin beharrean, eta erdi eraitsitako etxeen karkasetan jarri dira bizitzen. Besteak, berriz, senitartekoengana joan dira bizitzera.
Sulukule ez da kasu bakana. Istanbul 2010eko kulturaren hiriburu izendatu izanak igoarazi egin du lurzoruaren prezioa eta areagotu egin du hango hirigintza arazketa. Dirudienez, etxegintzako atzeraldiak geldiarazi egin ditu prozesu horietako asko.
(Puede haber caducado)