Sei etorkin hil eta 11 desagertu dira Yemengo kostaldetik gertu
Ontzitik salto egitera behartu zituztela salatu du NBEk; aurten 10.000 etorkin iritsi dira Yemenera
Berria, , 25-02-2009Erredakzioa.
Beste behin itsasoan amaitu dira bizi berri baten itxaropenak. NBE Nazio Batuen Erakundeak salatu du trafikatzaileek hamazazpi etorkin bota zituztela itsasora. Horietatik seiren gorpuak Yemengo kostaldetik gertu aurkitu zituzten atzo, zehazki, Adengo Golkoaren inguruetan. Ontzian 52 lagun zihoazen orotara, horietatik 40 Somaliatik ihes egindakoak, eta beste hamabi etiopiarrak. Lekukoen arabera, txalupatik salto egitera derrigortu zituzten trafikatzaileek. NBEko kide Ron Redmonden arabera, Yemengo kostaldera hurbiltzen ari zirenean, Poliziak ikusi zituela ohartu ziren trafikatzaileak, eta horregatik bota zituzten etorkinak uretara. 35ek onik irtetea lortu zuten; besteek, ordea, ez.
Ez da lehen aldia inguru horretan halako zerbait gertatzen dela. Somaliako gatazkak eta Etiopiako lehorte eta goseteek milaka lagun bultzatzen dituzte urtero ihes egitera. Horietako askok Adengo Golkoa igarotzen dute iparraldera bidean, baina tarte horretan piraten edo poliziaren esku erortzen dira. Urtarrilaren 1etik, 10.000 etorkin iritsi dira Yemenera, eta 47 bidean hil dira. Iaz, berriz, 50.000 izan ziren bizimodu berriaren bila herrialde hartara joan zirenak.
Lehen biktimak
Finantza krisiak are egoera okerragoan jarri ditu etorkinak. Izan ere, arazo ekonomikoen ondorioz, Mendebaldeak kontrol handiagoak jarri ditu mugetan, eta baita zigor gogorragoak ere paperik gabe herrialdean sartzen direnen aurka. Italia da horren adibide garbia. Silvio Berlusconi lehen ministroak paperik gabekoak salatzera derrigortu ditu medikuak ere, eta kartzela zigor gogorragoak ezarri ditu etorkinentzat.
Horiek hala, NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak horien egoera salatu du. «Arauzko etorkinentzako lana murriztu ahala, gero eta gehiago izango dira ezkutuan lan egitera behartuak. Horiek, ordea, ez dute beren egoera salatzeko aukerarik izango», nabarmendu du Navi Pillayk, NBEko giza eskubideetarako goi mandatariak.
(Puede haber caducado)